Politika
KRISI POLITIKOA MADRILEN
EITB MEDIA | EFE
Isabel Diaz Ayusok hauteskundeak aurreratzeko erabakia iragarri ondoren, Madrilgo Asanbleako Mahaiak tramitera onartu ditu oposizioak aurkeztutako bi zentsura mozioak. Epaitegietan argituko da auzia.
Isabel Díaz Ayuso. Artxiboko argazkia: EFE
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidenteak hauteskundeak aurreratzeko erabakia iragarri eta biharamunean oraindik ez dago argi zer gertatuko den. Mas Madridek eta PSOEk zentsura mozio bana aurkeztuz erantzun zioten eta Madrilgo Asanbleako Mahaiak, bere aldetik, tramitera onartu zituen. Zer lehenesten da orain? Hauteskunde aurrerapena edo zentsura mozioa? Itxura guztien arabera, epaitegietan argituko da auzia.
Isabel Diaz Ayusoren Gobernuaren arabera, Madrilgo presidenteak atzo 12:00etan sinatu zuen hauteskundeak aurreratzeko dekretua, eta, beraz, "edozein zentsura mozio erabaki horren ondorengoa da".
Mas Madridetik adierazi dutenez, 13:00etan erregistratu zuten mozioa, eta PSOEk 13:07an egin zuen. Gero Asanbleako Mahaiak, PSOEren eta Ciudadanosen botoekin, tramitera onartu zituen, dekretua Madrilgo Erkidegoko Aldizkari Ofizialean (BOCM) argitaratzen ez den bitartean deseginda ez dagoelako.
Autonomia Estatutuaren arabera, dekretu baten bidez asanblea garaia baino lehen desegitea "erabaki" dezake Madrilgo Erkidegoko presidenteak eta hauteskundeak deituko dira. Hala ere, ezin izango du erabaki hori hartu "zentsura mozio bat izapidetzen ari denean".
Madrilgo Asanblearen desegitea arautzen duen 1990eko legeak dioenez, ganbararen desegiteari buruzko dekretua "Madrilgo Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den unean jarriko da indarrean".
PPko iturrien esanetan, hauteskundeen aurreratzea zentzura mozioak erregistratu aurretik egin izana da gakoa. Mozioen defendatzaileen ustez, ordea, Asanblea ez da oraindik desegin eta, beraz, oraindik ere ekimenak aurkez daitezke.
Madrilgo erkidegoko Gobernuak edo Madrilgo Asanbleako Mahaiak epaitegietara jotzen badute, auzia Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusira edota Auzitegi Konstituzionalera irits daiteke.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa