Politika
PPren ‘b kutxa’
Barcenasek auzitegian berretsi du Rajoyk gainsoldatak jaso zituela
agentziak | eitb media
Ministroen soldatak osatzeko modu bat zela azaldu du, lehen ordezkaritza gastuengatik kobratzen zutena baino gutxiago jasotzen baitzuten Gobernuan sartuta.
-
Luis Barcenas PPren diruzain ohia. Argazkia: EiTB
Luis Barcenas PPren diruzain ohiak ‘B kutxa’ko diruarekin gainsoldatak kobratzea leporatu die Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiari eta Maria Dolores de Cospedal alderdiaren buru ohiari, besteak beste, Francisco Alvarez Cascos idazkari nagusi ohiaren ekimenez sortutako soldata "osagarrien" sistemaren bidez.
Gainera, esan du bere "paperak" argitaratu zirenean, PPren ustezko mandatari batek milioi erdi euro eskaini ziola apunteak manipulatzeagatik, horien egiazkotasunaren inguruan zalantza zabaltze aldera.
Barcenasek, 'Gürtel auzia'gatik preso dagoenak, Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur berriro PPren 'b kutxa'rekin Madrilgo Genova kalean duten egoitzaren erreforma ordaintzea egotzita, eta fiskaltzak 5 urteko kartzela-zigorra eskatzen du horregatik.
Auzitegiak Mariano Rajoyrekin aurrez aurrekoa izatea baztertu ostean deklaratu du Barcenasek, eta berriro adierazi du Espainiako Gobernuko presidente ohia izan zela "kontabilitatetik kanpo" zegoen diruarekin gainsoldatak jaso zituenetako bat.
Fiskaltzari igorri zion gutunean bezalaxe, Barcenasek Dolores de Cospedal, Alvarez Cascos, Angel Acebes, Javier Arenas, Jaime Mayor Oreja, Rodrigo Rato eta Federico Trillo ere aipatu ditu legez kanpoko dirua jaso zutenen artean.
Azaldu duenez, Alvaro Lapuerta diruzain ohia zen ordainketak agintzeaz arduratzen zena, eta "zegokion ministeriora" joaten zen, "kutxa baten barruan" gordetzen zuen dirua gutunazaletan sartu eta eramatera.
Barcenasen arabera, Alvarez Cascosek eman zuen horrela jokatzeko "agindua", "ezaugarri horietako dirua" edukitzea proposatu zuen ordainketa batzuk egiteko. 2009 eta 2010 artean amaitu omen zen jokabide hori, 'Gürtel auzia'k eztanda egin zuenean, eta Barcenasek enpresario baten 50.000 euro Rajoyri eta Cospedali eman zizkienean.
"Gutunazalak ematen nizkien, eta haiek jakingo zuten zer egin", adierazi du, 2008ko ekainetik buruzagi ohiei egindako ordainketak "beti" berak egiten zituela zehaztu aurretik.
Diruzain ohiak ukatu egin du berak eta Lapuertak gainsoldatak jasotzen zituztela, alderdiko "nomina" altuena zutelako. Baina 1996an PPk hauteskundeak irabazi zituenean, Rajoy, Rato, Mayor Oreja eta Arenas, adibidez, Gobernuan sartu zirenez, legeak ez zien alderdiaren "ordezkaritza gastuak" kobratzen uzten.
Orduan, Lapuertak jaso zuen "proposamena" izan zen soldatak "osatzea kontabilitatetik kanpo zeuden funtsekin".
Esperanza Aguirre kargudun horien artean kokatu ez badu ere, enpresarioen dohaintzak jasotzen omen zituen, tartean eraikuntza sektoreko enpresari baten 60.000 euro. Baina zenbateko hori ez omen da "paperetan" azaltzen, egunean bertan eman ziotelako Madrilgo presidente ohiari.
Genovako erreforma
Baina PPko goi kargudun ohien ordainketez gain, Genova kaleko egoitzaren erreforma diru beltzarekin ordaindu izanaz galdetu dio fiskalak Barcenasi. Pablo Casado PPren presidenteak iragarri berri du egoitza hori utziko dutela aipatu irregulartasunengatik.
Barcenasek aitortu du ez dakiela noren ideia izan zen erreforma hori diru beltzarekin ordaintzea, baina azaldu du bilera batean Lapuertak arkitektoari proposatu ziola ordainketa horiek "ezkutuko kontabilitatearekin" egitea.
"Nik ez nuen nire goikoekin kontsultatzen, zeren nire nagusia Alvaro Lapuerta zen, eta ez dakit berak nori galdetu zion", edo Angel Acebes orduko idazkari nagusia izan zen agindu zuena.
Bere kontrako bigarren akusazioari dagokionez, PPk Libertad Digitaleko akzioak erosteko egin zuen ustezko operazioa, Barcenasek esan du Acebes izan zela Lapuertari alderdiaren diruarekin akzioak erosi nahi zituela esan ziona, eta Eduardo Zaplanarekin batera, jendea "mugitu" zuena akzioak eros zitzaten, gero alderdiaren dirua jasotzeko.