16:54

Politika

TORTURA

Idoia Zabalza: "Adierazpenak zintzoak badira, har ditzatela neurriak hau argitzeko"

P.I. - E.J. | EITB MEDIA

Pablo Iglesias zein Idoia Mendiaren adierazpenak "ongi etorriak" direla esan du Mikel Zabalzaren arrebak, baina hitzak bakarrik ez direla nahikoa.

  • Idoia Zabalza, Mikel Zabalzaren arreba.

    Idoia Zabalza, Mikel Zabalzaren arreba. EITBko bideo batetik hartutako irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuaren bigarren presidenteordeak Zabalza kasua ardatz duen Non dago Mikel? dokumentala ikusi ostean torturari buruz esandakoak ezohikoak dira guztiz Espainiako politikagintzan. "Demokrazia defendatzeak, besteak beste, torturei eta Estatu terrorismoari parez pare begiratzea" inplikatzen duela esan zuen atzo.

Adierazpen horiei buruz galdetuta, Mikelen arreba Idoia Zabalzak "gertatutakoa argitzea eta hitzez haratago benetako neurriak hartzea" nahi dutela esan du Euskadi Irratian.

Pablo Iglesias zein Idoia Mendiaren adierazpenak "ongi etorriak" direla esan du Idoia Zabalzak, baina hitzak bakarrik ez direla nahikoa: "Ez da gure premia edo lehen nahia aitorpena edo erreparazioa lortzea, baizik eta egia jakitea, Mikelekin zer gertatu zen ikertzea. Adierazpen horiek benetan zintzoak badira har ditzatela neurriak kasua argitzeko"

Luis Alberto Perote koronel ohiaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren audioaren harira, zabalzatarrek "jadanik bazekitena" berresten duela dio Idoia Zabalzak, alegia, Intxaurrondon torturaren ondorioz hil zela haren anaia, baina, nonbait, herritarrengan zein ordezkari politikoengan eragina izan duela aitortzen du: "35 urte pasa dira, urte horietan guztietan gauza bera esan dugu, Mikel Intxaurrondoko kuartelean hil zela. Audio horrekin, gizarte osoak jakin duenarekin, argi geratu da. Guretzako kasua konpondu gabe dagoela esan nahi du".

Auzia argitzeko esperantza dute oraindik familian: "Inoiz ez da berandu, edo beti da berandu, baina hobe berandu inoiz baino".

Horregatik, erreparazioa eta justizia eskatzen jarraituko dute, egia lehenetsi dadila, alegia: "Ongi dago torturaren aurka daudela esatea, ongi dago adieraztea Mikelen heriotza larria izan zela, baina horretan ados baldin badaude, norbaitek mugitu beharko luke guk beti esan dugun harresi hori botatzeko eta egia azaleratzeko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena