Politika
Memoria
E. L. | EiTB Media
"Gure historiaren alderik ilunenari aurrez aurre begiratzea ere demokrazia defendatzea da", esan du Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak Twitter sare sozialean.
Pablo Iglesias 'Non dago Mikel?' dokumentalaren estreinaldian. Argazkia: @PabloIglesias
Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Podemoseko buruzagiak larunbat honetan adierazi duenez, "demokrazia defendatzeak", besteak beste, torturei eta Estatu terrorismoari "parez pare begiratzea" inplikatzen du, Mikel Zabalza auziari erreferentzia eginez.
"Gure historiaren alderik ilunenari aurrez aurre begiratzea ere demokrazia defendatzea da", esan du Iglesiasek Twitter sare sozialean, ostiralean 'Non dago Mikel?' dokumentalaren estreinaldira joan ondoren. "Ezinbesteko dokumentutzat" jo du presidenteordeak.
1985eko azaroan, Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu eta Bidasoa ibaian bere gorpua aurkitu zuten arte igaro ziren 20 egunen kronika da dokumentala.
"Mikel Zabalza errugabe izateak ez du axola, ETAko kidea ez izateak. Demokrazia batek tortura erabiltzea ezin da onartu. Lotsagarria da, eta ezin da ahaztu", azpimarratu zuen Iglesiasek ekitaldian. Estreinaldira "Gobernuko kide" bezala joan dela erantsi zuen, Naiz-ek zehaztu duenez.
Mikel Zabalzaren senideek uste dute Publico agerkari digitalak egunkariak iragan astelehenean argitaratu zuen grabazioak balio dezakeela familiak beti defendatu duen teoria berresteko eta gizarteari entzunarazteko: "Mikel Intxaurrondon hil zutela".
Publico egunkariak Luis Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren audioa argitaratu zuen. Bertan, Gomez Nietok dio Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela, bihotzekoak jota, torturatzen ari ziren bitartean, poltsarena egiten ari zitzaizkionean.
Iglesiasek ez du grabazioa aipatu; hala ere, Espainiako Gobernuko kide batek torturak onartzeko sekula egin duen adierazpenik argiena da gaurkoa.
Bestalde, estatu-kolpe saiakeraren 40. urteurreneko ekitaldian, Podemosek Sekretu Ofizialen legeak informazioa ezkutatzeari uztea defendatuko duela nabarmendu zuen Iglesiasek aste honetan, "herritarrek jakiteko eskubidea dutelako".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa