Politika
Osoko bilkura
agentziak | eitb media
EAJren eta PSE-EEren gehiengo osoak oposizioaren ekimenak errefusatu ditu, tartean oinarrizko energia hornikuntza bermatzeko legea eta erresidentzietako gabeziak ikertzeko eskaera.
Minutuko isilunea Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: Efe
Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek, PP+Cs-ek eta Voxek izan ezik, Eusko Jaurlaritzak jasotzeke dituen eskumenen "negoziazio eta gardentasun politika" babestu dute, eta martxoan eskuratuko duen espetxeen eskumenari buruzko azken akordioa partekatzeko eskatu dute.
Eusko Legebiltzarrak osoko bilkura egin du gaur, Fernando Buesa eta Enrique Casas ETAk eta Komando Autonomo Antikapitalistek hildako buruzagi sozialisten omenezko minutuko isilunearekin hasi dena. Gaur berriro geratu da agerian Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJk eta PSE-EEk duten gehiengo osoa, oposizioaren proposamenak atzera bota eta eurenak onartu dituztelako.
2019ko martxoaren 13an egindako osoko bilkura monografikoan onartutako proposamenak oinarri izango dituen kartzela eredua ezartzea eskatu du Legebiltzarraren gehiengo zabalak, eta eredu hori Gasteizko Ganberan aurkeztea eta jarraipena egitea.
Horixe jasotzen du PP+Cs-ek aurkeztutako zuzenketa batek, azkenean EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk sartu dutena, eta EH Bilduren babesa ere izan duena.
Gai horri buruzko eztabaida egin eta 24 ordura, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak batzarra egingo dute Gasteizen eskumenei buruz hitz egiteko, tartean espetxeei buruz.
Oinarrizko energia hornidurarako legea
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk etxebizitza guztietan "oinarrizko energia hornidura" bermatzeko proposatu duen legea, etxe guztietan 18 eta 25 gradu arteko tenperatura egotea eta faktura etxebizitzako diru-sarreren % 10era ez iristea aldarrikatzen zuena.
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, errefusatu dute gehiengo osoarekin. Jaurlaritzak esana zuen proposamenaren aurka zegoela.
Buruko gaixotasunak dituzten pertsonak eta DSBE
Era berean, EAJk eta PSE-EEk galarazi egin dute Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek aurkeztu duten beste proposamen bat. Sistema publikoan ez dauden etxebizitza komunitarioetan bizi diren eta buruko gaixotasuna duten pertsona batzuk Diru-sarrerak Bermatzeko Errentatik kanpo geratzen direla eta "premiazko" irtenbidea behar dutela zioen ekimenak. Jeltzaleek eta sozialistek argudiatu dute ez dela arazo "orokorra", baizik eta kasu "zehatzak", eta dagoeneko irtenbidea ematen saiatzen ari direla.
Udalei laguntzeko funtsa
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du covid-19aren gastuei aurre egiteko udalei laguntzeko aparteko diru funtsa osatzeko proposamena, EH Bilduk egin duena, eta Elkarrekin Podemos-IUren babesa zuena.
Covid-19aren aurkako hutsuneak erresidentzietan
Azkenik, Gasteizko Ganberak uko egin dio adinekoen egoitzetan covid-19aren aurka ezarritako protokoloen "gabeziak eta urraketak" atzemateko ikerketa bat abiatzeari, eta zentroen funtzionamendua arautzen duen dekretua egokitzearen alde egin du.
Elkarrekin Podemos-IUk eraman du proposamena Legebiltzarrera, eta azkenean EH Bildurekin batera izapidetu dute testu bateratua. EAJk eta PSE-EEk indarrak batu dituzte berriro ekimena atzera botatzeko, eta PP+Cs-ek babestu egin du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa