Politika
Tortura
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Mikel Zabalzaren arrebak gogora ekarri du aste honetan publiko egin den audioaren transkripzioa froga moduan erabiltzea ukatu zietela duela 25 urte egin zen epaiketan.
Albisteak (2)
Luis Alberto Perote CESIDeko koronel ohiak eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak elkarrizketa batean aitortu zuten Mikel Zabalza torturapean hil zela Intxaurrondoko kuartelean. Bien arteko hizketaldi horren audioa aste honetan egin da publiko, eta horren berri izan ostean Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusiak beste aldera begiratzen jarraitu ezin duela azpimarratu du Idoia Zabalzak.
Mikel Zabalzaren senideek agerraldia egin dute Iruñean, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroan torturak jasan dituzten hainbat pertsonak lagunduta. Audio horrek euskal gizartean eragin handia izan duela esan du Idoia Zabalzak. "Beti esan duguna baieztatu da: Mikel Intxaurrondon jasandako torturen ondorioz hil zela".
Mikel Zabalzaren arrebak gogora ekarri du audio horren transkripzioa froga moduan erabiltzea ukatu zietela duela 25 urte egin zen epaiketan. "Justizia guretzat horma gaindiezina izan da", salatu du.
Gauzak horrela, Estatuko fiskal nagusiari segurtasun-indarrek atxilotuei emandako tratua ikertzeko eskatu dio. "Ez dira salbuespen kasu batzuk izan; torturaren erabilera orokorra izan da, goiko instantziek antolatua, eta milaka biktima izan ditu", azpimarratu du.
"Orain arte, justizia guretzat harresi handi bat izan da, baina audio horrek ez du azalpenik behar, eta Estatuko fiskal nagusiak audio hori ikertuko beharko luke, beste aldera begiratu gabe", adierazi du.
Bestalde, Jon Arratibel eta Ainara Gorostiaga Nafarroako Pertsona Torturatuen sareko kideek berretsi dute Mikel Zabalza "hil arte torturatu" zutela eta "Estatuko erakundeek –alderdi politikoek, epaileek, auzitegiko medikuek nahiz komunikabideek-" ahalbidetu zutela torturaren erabilera.
"Horregatik, beste behin eskatzen dugu Zabalzaren familiari eta torturak jasan dituzten milaka herritarrei egindako kaltea onar dezatela. Era berean, giza eskubideen urraketa larri honen harira ardura guztiak argitzea exijitzen dugu", erantsi dute.
Halaber, Nafarroan zenbat pertsona torturatu dituzten jakiteko ikerketa ofizial bat abiarazteko galdegin dute eta datorren martxoaren 6an Iruñean deitutako bilkuran parte hartzeko gonbita luzatu diote gizarteari. Elkarretaratzea "Tortura ikertu. Egindako guztia aitortu" goiburupean egingo dute.
Amaitzeko, Tasio Arrizabalaga Egiari Zor fundazioko ordezkariak ezinbestekotzat jo du torturaren biktimei aitortza ofiziala eta kalte-ordainak ematea, “errealitate hori oraindik ere ezezaguna eta ukatua delako”.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa