Politika
Tortura
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Publicok zabaldutako grabazio batek baieztatu du Mikel Zabalza torturapean hil zutela Intxaurrondon. EH Bilduk eta Geroa Baik Grande-Marlaskaren agerraldia eskatuko dute.
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Guardia Zibileko bi goi kargudunen arteko elkarrizketa baten grabazioak frogatu du Mikel Zabalza gaztea Intxaurrondoko kuartelean hil zutela, torturapean, 1985ean.
Audioa Publico egunkariak kaleratu du gaur, eta bertan Luis Alberto Perote koronela eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibilaren kapitaina entzuten dira hizketan.
Informazio horren berri izan ostean, Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren eta Margarita Robles Defentsa ministroaren agerraldiak eskatu ditu Kongresuan.
Grande-Marlaskaren kasuan, "Mikel Zabalzaren tortura kasuari eta, oro har, Estatuko Segurtasun Indarrek egindako torturei buruz duen informazioa eman dezala eta auzi hori argitzeko abiatuko dituen ikerketak zeintzuk izango diren azal dezala nahi dugu".
EH Bilduren ustez, “gaur argitaratu den grabazioak erakusten du torturaren erabilera sistematikoa izan dela Nafarroan eta Euskal Herri osoan”. “Tortura inpunitatez erabili dute eta errealitate hori aitortu eta ikertu egin behar da”, erantsi dute.
Margarita Roblesi dagokionez, CESIDeko buruzagi ohia Mikel Zabalzaren hilketan nahasita egon zela ba ote zekien argitzeko eta Defentsa Ministerioak gizon hori kapitain izendatzeko arrazoiak zeintzuk izan ziren azal dezala eskatuko du koalizio soberanistak.
Horrez gain, Bel Pozuetak Jose Mnauel Marin Guardia Zibilaren Estatu Nagusiko buruzagiaren agerraldia ere galdegin du, Intxaurrondon gertatu zena argitzeko eta Mikel Zabalza torturatu zuten agenteak atzemateko hartuko dituen neurriak azaldu ditzan.
Ildo berean, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak torturaren erabilerari buruzko galdera egingo dio asteazken honetan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari Kongresuan.
"Estatuko Segurtasun Indarrek tortura erabili dutela onartzen duzu?", galdera erregistratu du koalizio soberanistak Beheko Ganberan.
Bestalde, Geroa Baik ere jakinarazi du Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskatuko duela heriotza horri buruzko azalpenak eman ditzan.
"Grabazio hori auzi honetan hasieratik falta izan den proba izan daiteke", adierazi du Uxue Barkosek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa