Politika
GASTEIZ
O. A. | EITB MEDIA
San Frantzisko elizan bertan sinatu dute memoriala posible egingo duen akordioa Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Udalak eta Gasteizko Elizbarrutiak. Urtebete barru martxan egon daiteke.
Gasteizko San Frantzisko eliza 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren biktimak oroitzeko zentro bihurtzea ahalbidetuko duen akordioa sinatu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Elizbarrutiak. Sinadura ekitaldia Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bertan izan da. Urtebete barru martxan egon daiteke.
Atzo EITB MEDIAk aurreratu bezala, Gasteizko San Frantzisko eliza, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren lekukoa, biktima horiek oroitzeko zentro bihurtuko dute.
Ostegun honetako ekitadian lau erakunde horietako bakoitzeko ordezkariak izan dira: Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburua; Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia; Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea eta Juan Carlos Elizalde Gasteizko Elizbarrutiko gotzaina.
Dokumentu horretan jasotzen denez, fundazio bat edo antzeko formula bat sortzea adostu dute, oroimen zentroa sustatzeko eta kudeatzeko. Gasteizko Elizbarrutiak elizaren erabilera lagako dio fundazioari, martxoaren 3ko biktimak oroitzeko zentroa gauzatu ahal izateko.
San Frantzisko elizan eta haren ingurune hurbilean 1976ko martxoaren 3an gertatutakoei lotutako karga emozional handia dela-eta, "oroimen-zentroa kokatzeko lekurik egokientzat" jotzen da eliza hori. Gainera, eliza horretan ez da elizkizunik egin 2014tik.
Egun "historikoa"
Lau erakundeak bat etorri dira gaurkoa egun "historikoa" dela esaterakoan. "Gaur behin betiko kitatzen hasiko gara martxoaren 3ko gertaerekin eta haien biktimekin dugun zorra", adierazi du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, bere aldetik, azpimarratu duenez, "indarkeriaren biktima guztiek dute egiarako, erreparaziorako eta justiziarako eskubidea". Era berean, denbora gehiegi igaro dela onartu du: "45 urte igaro behar izan dira zentro hau posible izateko. Urte asko daramatza Arabako gizarteak aldarrikapena egiten".
Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen iritziz, justizia eta erreparazioa egoteko, "ezinbestekoa da memoria egotea. Gaur pauso garrantzitsua eman dugu, 1976an Gasteizen erail zituzten bost langileak, oraindik merezi duten aintzatespena jaso ez dutenak, azkenean aintzatetsi ditzaten, polizia-abusuen biktima gisa eta terrorismoaren biktimen parean.
Juan Carlos Elizalde Gasteizko Elizbarrutiko gotzainak amaitu du hitzaldien txanda, eta eskerrak eman ditu Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Udalak elkarrekin antolatu duten ekimen honengatik. "Apezpikutzak atsegin handiz onartu du gonbidapen hau; izan ere, guztion borondatea da hemen eta leku honen inguruan oraintsuko historiako une kritiko eta erabakigarri batean bizitza galdu zuten bost pertsona horiei omenaldia egitea, halako gertakaririk berriz gerta ez dadin", gaineratu du.
Bestalde, "Memoria Gara" ekimenak agerraldia iragarri du datorren larunbaterako, Martxoak 3 plazan, azken berrien inguruko balorazioa egiteko.
Larunbat honetan, otsailaren 20, #MemoriaGara ekimenak agerraldia eskeiniko du, #Martxoak3 plazan 11:00tan eszenatoki berria baloratzeko.
— Memoria Gara #MemoriaGara (@MemoriaGara) February 17, 2021
Este sábado 20 de febrero #MemoriaGara comparecerá en la Plaza 3 de Marzo a las 11:00 para valorar este nuevo escenario que se ha conseguido. pic.twitter.com/jcCnY8KggL
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa