Politika
Erakunde arteko akordioa
E. G. | EITB MEDIA
Zaramagako auzoan dagoen tenpluan jazo ziren 1976ko martxoaren 3ko gertakari lazgarriak: Poliziak bost langile hil zituen tiroz. Akordioaren nondik norakoak bihar azalduko dituzte.
Albisteak (2)
Gasteizko San Frantzisko eliza, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren lekukoa, biktima horiek oroitzeko zentro bihurtuko dute, EITB Mediak baieztatu duenez. Gasteizko Gotzaindegiak, Eusko Jaurlaritzak —Gogora Institutuaren bidez—, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak akordioa erdietsi dute hori horrela izan dadin.
Aurten 45 urte beteko dira Zaramaga auzoko eliza horretan Poliziak bost langile hil zituela, eta oraindik epaitu gabe daude sarraski horren erantzuleak.
Memorial bat sortzearena biktimen senitartekoen elkarteen aspaldiko aldarrikapena da. Eliza 2014tik dago itxita, eta ordutik, batez ere Martxoak 3 elkarteak bultzatuta, tenplua memoria eta giza eskubideak goratzeko zentro bilakatzeko lanak egin dituzte. Horren harira, 2018an Memoria Gara plataforma sortu zuten Gasteizko zenbait aurpegi ezagunek.
Erakundeen arteko akordioaren arabera, fundazio bat sortuko dute espazioa kudeatu eta bertan erakuts daitekeen materiala aukeratzeko.
Itunaren gertuko iturriek EITB Mediari azaldu diotenez, akordioa bihar aurkeztuko dute. Bestalde, Memoria Gara plataformak prentsaurrekoa deitu du larunbaterako:
Larunbat honetan, otsailaren 20, #MemoriaGara ekimenak agerraldia eskainiko du, #Martxoak3 plazan 11:00tan eszenatoki berria baloratzeko.
— Memoria Gara #MemoriaGara (@MemoriaGara) February 17, 2021
Este sábado 20 de febrero #MemoriaGara comparecerá en la Plaza 3 de Marzo a las 11:00 para valorar este nuevo escenario que se ha conseguido. pic.twitter.com/jcCnY8KggL
Hilketaren 45. urtemuga
Zorigaiztoko 1976ko martxoaren 3ko arratsalde hartan, Poliziak bost langile hil eta dozenaka zauritu zituen tiroz. Langileak Gasteizko San Frantzisko eliza barruan zeuden batzarra egiten, greba orokorraren testuinguruan. Istiluen kontrako poliziek tenplua inguratu zuten eta bereizi gabe hasi ziren tiroka. 60 pertsona larri zauritu zituzten (44, tiroz), eta arratsalde hartan hiru pertsona hil ziren: Pedro Maria Martinez Ocio (27 urte), Francisco Aznar Clemente (17 urte) eta Romualdo Barroso Chaparro (19 urte). Handik egun batzuetara hil ziren gainerako biak: Jose Castillo (32 urte) eta Bienvenido Pereda (32 urte).
Zaramagako eliza hartan gertatutakoaren lekukotza beldurgarriak dira polizien arteko grabazioak.
Ordutik, urtero-urtero, biktimen elkarteek eta sindikatuek deituta, gertakari haiek gogoratzen dituzte Gasteizen. Besteak beste, lore eskaintza egin ohi dute biktimen omenezko monolitoan, eta arratsaldean, manifestazioa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa