Itxi

Politika

Kataluniako hauteskundeak

Gobernu berria JxCat, CUP eta En Comu Podem alderdiekin osatzen saiatuko da ERC

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Salvador Illak ere bilera-sorta abiatuko du, baina ia ez du aukerarik izango, indar independentista guztiek baztertu baitute PSCrekin gobernu-itunik egitea.

  • Pere Aragones ERCko hautagaia.

    Pere Aragones ERCko hautagaia. Argazkia: EFE

ERCk esan du Gobernu berriaren osaketarako "berehala" hasiko dela alderdi subiranista guztiekin negoziatzen, eta erabat baztertu du PSCrekin akordioa lortzeko aukera oro; izan ere, Katalunian alderdi horrekin inongo "helbururik" ez duela uste du.

ERCko zuzendaritzaren bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Marta Vilalta alderdiko bozeramaileak begi onez ikusi du "independentismoak hautestontzietan berriro irabazi izana" eta "helburu historikotzat" jo du botoen % 50 gainditzea.

ERCren ustez bere alderdiak gidatu beharreko "aro berri bat" ireki da, Pere Aragones Generalitateko presidente berria buru dela, honen aburuz, "ezkerreko independentismoa aurretik geratu delako eta gehiengoa delako".

Ildo horretan, Aragonesek adierazi du Gobernua JxCatekin, CUPekin eta En Comu Podem koalizioarekin osatu nahi duela, eta alderdiei negoziatzeko deia egin die: "Denon ardura da".  

Hauteskundeetan bozkatuena izan bada ere, Salvador Illak ia ez du aukerarik Generalitateko presidente aukeratu dezaten; izan ere, alderdi independentista guztiek baztertu dute PSCrekin gobernu-itunik egitea.  

Edonola ere, Illak baieztatu du Voxekin salbu, alderdi guztiekin hitz egingo duela inbestidura negoziatzeko eta Parlamentuko presidentetza ere PSCren esku egon dadin.

"Nire alderdiak irabazi ditu hauteskundeak eta, beraz, nire ardura da hautagaitza aurkeztea eta Gobernua osatzen saiatzea", berretsi du. Horrenbestez, ERCri elkarrizketarako borondatea izan dezala eta "onartzeko ezinezkoak diren" autodeterminazioa edo amnistia bezalako aldarrikapenak albo batean utz ditzala eskatu dio.  

Jose Montilla Generalitateko presidente ohia harago joan da eta esan du PSCk eta ERCk Gobernua elkarrekin osatzeko bidea topatu beharko luketela: "Aukera hau ez dugu pasatzen utzi behar".

Alabaina, Kataluniako Gobernua bi alderdi horien artean osatzea ezinezkotzat ematen da testuinguru politiko honetan.

JxCatek iragarri du Aragonesen inbestidura babestuko duela

Bestalde, Laura Borras JxCateko hautagaiak Gobernu independentista eratzearen alde egin du, En Comu Podem gabe, eta Aragonesen inbestidura babesteko inolako trabarik jarriko ez dutela ziurtatu du.  

Jessica Albiachek (En Comu Podem), berriz, adierazi du ERCrekin eta PSCrekin hiruko gobernua osatzeko prest egongo litzatekeela eta, ildo horretan, sozialistei ezarritako betoa kentzeko  "ausardiaz" eta "eskuzabaltasunez" joka dezala eskatu dio Esquerrari.

Aldi berean, baina, Albiachek baieztatu du Gobernu berrian Junts baldin badago, ez dutela balizko exekutibo hori babestuko.

CUPek esan du Gobernu independentista osatu beharra dagoela, baina azpimarratu du Gobernu horrek "zer egingo duen" zehaztu behar duela aurretik, eta proiektu "ezkertiarragoa" izan beharko lukeela iritzi dio.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Kataluniako Gobernua osatzeko balizko aukerak

Ciudadanosen porrota eta krisia

Eskuineko blokean, ostera, Santiago Abascalek ohartarazi du Voxek "erabateko oposizioa" egingo diola Generalitate berriari.

Ciudadanosen, berriz, krisian sartuta daude, igandeko hauteskundeetan 30 eserleku eta milioi bat boto galdu baitzituzten. Sektore kritikoak zuzendaritza aldatzea eskatu dute, hau da, Ines Arrimadas eta Carlos Carrizosa buruzagitzatik kentzea galdegin dute.

Carrizosak esan du konponbidea ez dela etorriko "alderdiaren baitan krisia eraginda" eta, ondorioz, batasunerako eta elkarlanerako deia egin du.

Alderdi Popularrak abstentzioari egotzi dio emaitza txarra, eta Pedro Sanchezen Gobernuari aurpegiratu dio "joko zikina" egin duela.  

Amaitzeko, PDeCATek ere kolpe handia hartu zuen atzo, Parlamentutik kanpo geratu baita. Hausnarketa prozesu bat abiatuko dutela eta etorkizunerako erabakiak hartzeko biltzar bat antolatuko dutela iragarri dute.