Politika
Ostalaritza
Jaurlaritzak ostalaritzan egindako "kudeaketa kaskarra" kritikatu du oposizioak
AGENTZIAK | EiTB MEDIA
EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk nabarmendu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia "zaplaztekoa" izan dela Urkulluren gobernuarentzat.
-
Blboko Alde Zaharreko taberna bat. Argazkia: Asier Sánchez
Eusko Jaurlaritzak ostalaritzan ezarritako mugen "judizialiazioa" salatu du EH Bilduko legebiltzarkide Ibai Iriartek. Murrizketa horietako batzuk atzera bota ditu astearte honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta erabaki horrek agerian utzi du gaia kudeatzerakoan Jaurlaritzak "porrot egin duela", Iriarteren hitzetan.
Berba horiekin adierazi du Justizia Auzitegi Nagusiak ostalarien helegiteei erantzunez emandako ebazpenaren inguruan duen ikuspuntua. Auzitegi horrek ebatzi du EAEko taberna guztiek ateak ireki ahalko dituztela gaurdanik, udalerri gorrietan baita.
Elkarrekin Podemos-IUren ustez, ostalaritzak ez zeukan "berma juridikorik"
Elkarrekin Podemos-IU koalizioko legebiltzarkide Jon Hernandezek, bestalde, argi utzi du Eusko Jaurlaritzak udalerri gorrietako taberna eta jatetxeak ixteko hartutako erabakiak ez zeukala inolako segurtasun juridikorik.
Edozein modutan, azpimarratu du gaurko ebazpenak ez dituela sektore horrek bizi dituen arazoak desagerraraziko. Horregatik, ostalariei laguntzeko prest agertu da Hernandez.
PPren ustez "zaplaztekoa" eman dio justiziak Urkulluri
Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko presidenteak esan du Iñigo Urkullu lehendakarirentzat kolpe latza izan dela gaurko erabakia, eta ostalarien eskariei entzungor egiteagatik iritsi dela.
Urkulluk ostalaritza sektoreari kalte egiten diola nabarmendu ostean, "erantzukizun politikoak" eskatu dizkio lehendakariari, baita sektore horrentzako laguntza gehiago ere.
Jaurlaritzak dio erabakiak zalantzan jartzen duela Euskadiren berme juridikoa
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritza-establezimenduak kautelaz berriro irekitzera behartzen duen erabakiak Euskadiren berme juridikoa "zalantzan" jartzen du.
Espainiako Gobernuak auzitegiaren erabakia errespetatzen duela esan du
Bukatzeko, Justizia Auzitegiaren erabakia errespetatzen duela adierazi du Espainiako Gobernuak. Halaber, alarma egoeraren alde agertu da, "horri esker autonomia erkidegoek pandemiari aurre egiteko neurriak har ditzaketelako".