19:37

Politika

Gutuna fiskaltzari

Barcenasek dio Rajoyk suntsitu zituela B kutxako paperak

agentziak | eitb media

Gainera, esan du Espainiako Gobernuko presidente ohiak ez zekiela berak paper horien kopiak zituela.

2:38
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Luis Barcenas PPren diruzain ohiak gutuna igorri dio Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzari, eta bertan dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente eta PPren buruzagi ohiak "paperak suntsitzeko" makina batean suntsitu zuela alderdiaren B kontabilitatea jasotzen zuen dokumentazioa, berak kopia bat zuela jakin gabe.

Efe albiste-agentziak gutuna irakurtzeko aukera izan du, eta jakinarazi duenez, Barcenasek azaltzen du 2009an jakin zuela Rajoyk paperak suntsitu zituela, kontabilitate horren kopia bat zuela esan zionean. Kopia hori emaztearen estudiotik lapurtu zutela salatu zuen, eta Villarejo auziaren Kitchen zatian ari dira ikertzen.

PPren B kutxaren epaiketa hasteko bost egun falta direnean bidalitako gutun horretan, diruzain ohiak adierazi du justiziari laguntzea erabaki duela ikusi duenean alderdiak ez duela bete bere emaztea, Rosalia Iglesias, Gürtel auziagatik espetxean ez sartzeko konpromisoa.

PPk emandako hitz horren aurrean, "bakea" sinatu omen zuen 20 urtez bere alderdia izan zenarekin, bere ordenagailuak "suntsitzeagatik jarritako salaketa atzera botata" eta PPk langile gisa berekin zituen zorrei uko eginda.

"Leialtasunagatik isilik geratzeko asmorik geratuko balitzait ere, atsekabetuta geratu naiz" Kitchenen egiten ari diren ikerketaren aurrean, gaineratu du 8 orriko gutunean.

Izan ere, ikerketa horretan agerian geratzen ari omen da bere familiari legez kanpoko zaintza egin ziotela "ezkutuko funtsekin", eta Rajoyren "Gobernuaren goi-kargudunek" agindutakoak izan zirela.

Ekintza horiek "poliziaren goi-kargudunen ezinbesteko laguntza" izan zutela eta PPrentzat arriskutsua zen “dokumentazioaren lapurreta” ekarri zutela azpimarratu du Barcenasek, emaztearen estudioan zeuden "pendrive"ei eta "hainbat paper"i erreferentzia eginez.

"Horri gehitu behar zaizkio nire familiak pairatutako bahiketak eta heriotza mehatxuak, gure etxean bertan, gezurrezko apaiza delakoaren eskutik", gogorarazi du diruzainak, berak eta familiak jasan duten "presioaren eta sufrimenduaren ideia bat" egiteko.

1982tik

1982tik PP finantzatzeko sistema "instituzionalizatua" zegoela azaldu du, dohaintzen bitartez B kutxa elikatzen zutela, eta datorren astean epaituko dituztenak 2004tik 2008ra arteko kontuak direla, Rajoy alderdiaren presidente, Angel Acebes idazkari nagusi eta Alvaro Lapuerta diruzain zirenekoak (Barcenas gerentea zen).

2007an B kutxan 500.000 euro sartu zirela, 2008an milioi bat eurotik gora, eta 900.000 euro egoitza berritzeko erabili zirela gogorarazi du.

Aitortu duenez, "esleipen publiko handien onuradunak" ziren enpresekin lotutako pertsonek egiten zituzten dohaintzak, eskudirutan, eta Alvaro Lapuertari ematen zizkioten, nahiz eta "batzuetan" Barcenas bera egoten zen aurrean.

Dohaintzak Lapuertaren bulegoan edo jatetxeetan egiten ziren, dirua ematen zutenek ez zuten ziurtagiririk eskatzen, eta diruzainak asko jota bisita txartel batean idazten zuen zenbatekoa.

Dohaintza horien zati bat, 1,2 milioi inguru, Banco Vitorian eta Banco Popularren sartu zituzten, eta gainerakoa bulegoko kutxa gotorrean sartu zuten.

Hortik ateratzen omen zituzten alderdiko kideentzako gainsoldatak, tartean, Rajoyrentzat, Maria Dolores de Cospedalentzat, Federico Trillorentzat, Pio Garcia Escurerontzat, Francisco Alvarez Cascosentzat, Angel Acebesentzat, Javier Arenasentzat, Rodrigo Ratorentzat eta Jaime Ignacio del Burgorentzat.

Gainera, grabazio bat dagoela jakinarazi du Barcenasek, berak aditu duena, eta Lapuerta entzuten omen da hilero dirua banatzen duela eta Rajoyk ere jasotzen duela esanez.

PPren erantzuna

Javier Maroto PPren Senatuko bozeramaileak esan du Barcenasek "bere burua salbatzen saiatzeko" egin dituela adierazpen horiek, espetxetik "ahal den azkarren" ateratzeko abokatuarekin adostutako estrategiaren baitan.

"Gizon horren kapitulua aspaldi pasatu genuen. Beste presidente bat dago, beste zuzendaritza bat dago, gauzak ulertzeko beste modu bat dago, 2021arekin askoz garaikideagoa dena zorionez", adierazi die Marotok kazetariei alderdiaren egoitzatik atera denean.

"Egin dezala nahi duena, berdin-berdin digu", azpimarratu du.

Alderdi Popularraren ordezkariak adierazi du PPren zuzendaritza berriak Barcenas "pairatu" duela, zeren kereila bat ere jarri baitzion ustezko gaizkile deitzeagatik. "Gizon honek bere abokatuaren teknika erabiltzen du kaka nahastu eta zigorra txikitzen saiatzeko", berretsi du, "ardi beltzak" alderdi guztietan daudela aitortu aurretik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena