18:27

Politika

Biktimak

Espainiako Gobernuak biktimen legea aldatuko du ETAko kideen omenaldiak zigortzeko

agentziak | eitb media

Horixe iragarri du Marlaskak UPNk Senatuan egindako galdera bati erantzunez. Alderdi unionistak Espainiako Gobernuaren "isiltasun konplize eta lotsagarria" salatu du.

  • Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroa. Argazkia: EiTB

    Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroa. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainiarrak aurreratu du Terrorismoaren biktimak babesteko legea aldatzeko lanetan ari direla ETAko kideei egiten zaizkien omenaldiak amai daitezen zigor erregimen bat arautzeko.

Senatuko kontrol saioan azaldu duenez, erreformak biktimen errekonozimendua eta eskubideak indartuko ditu, eta beste atal bat jasoko du "biktimen duintasunarekiko errespetuarekin bateraezinak" diren omenaldiak zigortu ahal izateko. Ministroaren arabera, biktima elkarteekin ari dira erreforma hori aztertzen.

Alberto Catalan UPNko senatariaren galderei erantzunez egin du aipamena Marlaskak, izan ere, aspaldi agindutako aldaketak burura eramateko eskatu dio.

Catalanek "isiltasun konplize eta lotsagarria" egotzi dio Espainiako Gobernuari, eta izan duen "presa" bakarra presoak Euskal Herrira gerturatzeko izan dela, benetako damurik edo kolaboraziorik gabe, ordezkari nafarraren esanetan.

"Legearen defentsan nago. Iraganean terrorismoaren aurka borroka egin nuen eta terrorismoaren aurka borrokatzen jarraitzen dut", erantzun dio ministroak.

Azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuarentzat erakunde terrorista bateko kideak omentzea edo babestea "iraingarria da biktimentzat eta Espainiako gizarte osoarentzat", eta beharrezkoa da "erakundeen irmotasuna" eta demokratikoak diren alderdi guztien errefusa.

Marlaskak gogorarazi du Zigor Kodeak delitutzat dituela terrorismoa goratzea edo biktimak umiltzea, baina auzitegiek bide penala moztu dutela, eta horregatik jo dutela bide administratibotik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena