12:14

Politika

Elkarrizketa

Ortuzarrek Sagardui babestu eta EH Bilduri "mozkorra borroka" hauspotzea egotzi dio

EITB Media | Agentziak

EAJko presidentearentzat, oposizioa txertaketa irregularren "txiklea luzatzen saiatzen ari da", baina gaiak ez du "gehiagorako ematen".

1:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak oposizioari ohartarazi dio Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako txertaketa irregularren "txiklea" ezin dela gehiago "luzatu", "azalpenak emanda daudelako eta ikerketa eginda dagoelako", eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bere karguan jarraituko duelako.

"Sailburua gauzak ondo egiten ari da, eta oso egoera zail baten erdian dago", esan du Ortuzarrek Radio Euskadin.

Presidente jeltzalearen arabera, oposizioko alderdiak "beren aulkietan ondo eserita daude, zarata handia sortzen dute, eta zerbait harrapatu dutela uste dutenean, txikle hori luzatzen saiatzen dira, baina gaiak ez du gehiagorako ematen".

"Uste dut oposizioa konturatu behar dela jendeak orain dela oso hilabete gutxi gobernuan nortzuk egotea nahi zuen esan zuela, eta egin behar dutena da, oposizio lanei kalte egin gabe, gehiago proposatu", gehitu du.

Ortuzarren ustez, ezinezkoa da sailburua "Legebiltzarrean bizitzea, oposizioari gustatuko ez zaizkion azalpenak ematen". "Ez dago oposizioa pozik uzteko modurik, hauteskundeak galdu izanaren frustrazioa erakusten ari delako", esan du.

"Azalpenak emanda daude, ikerketa eginda dago, bukaerara arte heldu da, heldu daitekeen puntura. Zertarako txiklea luzatu gehiago ezinezkoa bada?", galdetu du.

Bizkaiko Fiskaltzan aurkeztutako salaketei buruz, Ortuzarrek uste du du ez direla urrun helduko "Eusko Jaurlaritzaren erantzukizunari dagokionez", "ardurak onartuta eta ondo kudeatuta baitaude": "Gero Fiskaltzak epaitu beharko du, noraino heldu daitekeen ikusteko, gero honek auzitegietan ibilbidea duen ikusteko".

Jeltzalearentzat, Jose Luis Sabas Santa Marinako zuzendari ohia "zuhurragoa izan beharko litzateke, kargu publiko bati dagokion bezala, ideia eta sigla batzuen izenean". "Ikuspuntu horretatik, sorpresaz gain, pena eta atsekabea ere sentitu nuen", esan du.

Gainera, Ortuzarrek esan du EAJren estatutuek posible egingo balute, Sabasen eta Eduardo Maiz Basurtuko Ospitaleko arduradun ohiaren jardunak ikertuko lituzketela.

Bestalde, jeltzaleak oso argi dauka Osakidetzari ez diotela "minik" egin, "ondo zaintzen gaituen 30.000 pertsonako talde bat delako".

EH Bilduren kontra kaleko istiluengatik

Gainera, EH Bilduri bere "gazteei" kalean istilurik ez sortzeko "irmoki" esatea eskatu dio, "bere Kongresurako ondo etorri ez arren" ."Ezker abertzalea ondo heldu behar da, eta zin du kalean iraultzailea izan eta gero Madrilen moketa gainean ibiltzea", gehitu du.

Zentzu horretan, Ortuzarrek esan du ez dela "kospiranoikoa", baina uste du "ezker abertzalea Jaurlaritza higatzeko gerra batean sartu dela".

Modu horretan, Ortuzarrentzat EH Bildu pandemiatik "interesa ateratzen" saiatzen ari da, "mozkorra borroka delakoan tentsio guneak sortuz": "lehenago botila edan eta gero poliziari bota".

Bestalde, buruzagi jeltzalearentzat "ona" da ETAko "presoak hurbiltzeko plana", "mahai gainean zein azpian lortuta".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena