Politika
Txertaketa irregularrak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txertaketa irregularrak Osakidetzak egindako estrategia okerraren ondorio direla eta Osasun sailburua "kontrolik gabeko" txertaketa prozesu horren erantzule nagusia dela adierazi dute sindikatuek.
Sindikatuek Basurtuko ospitalearen aurrean egindako protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE
Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute, covid-19ari aurre egiteko Osakidetzak abiatu duen txertaketa kanpainan atzemandako irregulartasunen erantzule nagusia dela iritzita.
“Sailburuaren jarrera larri da eta dimisioa eman behar du. Koordinazio falta egon dela aitortu badu, orain ardura bere gain hartu behar du, errua beste pertsona batzuei bota beharrean”, azpimarratu du Amaia Mayor Satse sindikatuko ordezkariak. Gainerako sindikatuak ere hausnarketa horrekin bat egiten dutela erantsi du.
Legebiltzarreko batzordean atzo egindako agerraldian, Sagarduik esan zuen Santa Marina ospitalean izandako txertaketa irregularrak “deskoordinazioak eragindako akatsak” izan zirela. Jose Luis Sabas gerentea, zuzendaritza taldeko kideak eta ospitaletik kanpoko beste 16 langileri jarri zieten txertoa ez zegokienean.
Ospitale horretan eta beste batzuetan izandako txertaketa irregularrak “Osakidetzak txertaketarako estrategiarik ez duela erakusten du”, salatu du Satseko ordezkariak.
“Sailburuak txertoa Santa Marina ospitaleko langile guztiei jarri behar zietela bazekiela egiaztatzen bada, erantzukizunak ezin zaizkio bera ez den beste inori eskatu”, esan du erietxeko zuzendariak dimisioa eman zuela gogoratuta.
Bestalde, txertoa jarri zuten ordezkari sindikalak babestu egin ditu, ospitaleko zuzendaritzaren eta prebentzio batzordearen irizpideak jarraituz hartu zutela azpimarratuta. “Osasun batzordearen bileran zeuden egun horretan eta txertoa jarri beharko luketela esan zieten, ospitaleko profesionalekin harremana zutelako eta kutsatzeko arriskuan zegoelako”, erantsi du.
CCOO sindikatuak bere ordezkaria kargugabetu zuen txertoa hartzeagatik, baina Iñigo Garduño delegatuak argitu du “koherentziagatik” egin zutela, kasu horretan ere protokoloa urratu zelako, baina ez prebarikaziorik egin zuela uste dutelako.
Esther Saavedra ELA sindikatu ordezkariaren esanetan, “txertaketa kanpaina kaotikoa izaten ari da eta sailburua da erantzule nagusia”. “Lehen lerroan ari diren langileak txertorik hartu gabe dauden bitartean, ardura postuetan daudenei txertoak jarri dizkiete”, kritikatu du.
Txertoa hartu zuen ELAko ordezkariari dagokionez, Saavedrak azpimarratu du zuzendaritzak hala egin zezala eskatu ziolako jarri zuela txertoa eta ez zuela asmo txarrez egin, protokoloa urratu zuela onartu arren.
Edonola ere, ordezkari sindikalaren eta Santa Marina ospitaleko zuzendariaren kasuak maila berean ezin daitezkeela jarri esan du: “Gure ordezkariak prebentzioko taldearen agindua bete zuen; eta Sabasen kasuan, berak erabaki zuen ospitale horretan estrategia hori izango zela eta berak erabaki zuen zenbat txerto eskatu eta nori jarri”, nabarmendu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa