Politika
Eusko Legebiltzarra
Txertaketa irregularrean duen ardura onartzeko eskatu dio oposizioak Sagarduiri
agentziak | eitb media
Sailburuaren eta Santa Marina ospitaleko zuzendari ohiaren bertsioak "kontraesankorrak" direla azpimarratu dute. Azken horrek esan zuen Osakidetzak bazekiela txertoa jasoko zuela.
Oposizioko taldeek covid-19aren kontrako txertaketa kanpainan izan diren irregulartasunetan duen ardura bere gain hartzeko eskatu diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtuko eta Santa Marina ospitaleetako zuzendari ohiei erreferentzia eginez, eta zalantzan jarri dituzte sailburuak Legebiltzarrean eman dituen azalpenak.
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin duen asteroko agerraldian, Sagarduik aipatu bi ospitaleetan izan den txertaketa irregularraren inguruan egin duten "ikerketa"ri buruzko xehetasunak eman ditu.
Basurtuko erietxearen kasuan, Sagarduik esan du Maizek eta hiru zerbitzuburuek Bilboko adineko zentro batean sobratu ziren dosiak baliatu zituztela beraien mesedetan eta ez zutela inon erregistratu txertoa hartu zutela. Osakidetzako zuzendaritzak horren berri izan zuenean, kargua uzteko eskatu zion Maizi, honek uko egin zion eta azkenean kargugabetu egin zuten.
Santa Marinako ospitaleko txertaketaren harira, Sagarduik azaldu du Sabasek mezua bidali ziola Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiari erietxe horretan 505 pertsona txertatu zituztela jakinaraziz. Kopuru horrek zuzendaritzaren arreta deitu zuen, kanpaina hasi berria zelako eta lantaldearen % 50a baino gehiagori txertorik ez jartzeko agindua eman dutelako, txertoak ondorio negatiborik izanez gero, zerbitzuan eraginik izan dezan.
Hala eta guztiz ere, Osasun sailburuak esan du ez duela ulertzen oposizioko alderdiek bere dimisioa eskatzea, irregulartasunen berri izan bezain laster "neurriak hartu" dituztelako, Sabas eta Maiz kargua uztera behartu zituztela eta.
Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak "interes politiko partikularrak babesteko herritarrei informazioa ezkutatzea" egotzi die EAJri eta PSE-EEri. "Tristea da eta auzo lotsa sentitzen dut sailburuak gezurra esan duen ala ez argitu behar duelako pandemiaren erdian", azpimarratu du.
EH Bildurentzat "larria da Osasun sailburuak txertaketa kanpainaren lehentasunak urratu direla ezkutatu izana", eta Sagarduiri galdetu dio ea egungo larrialdi egoeran Osasun sailburu izateko moduan ikusten duen bere burua.
Uberak esan du sailburuaren bertsioa eta Santa Marina ospitaleko zuzendari ohiarena "kontraesankorrak" direla.
"Akatsak egon daitezke, eta uler daiteke hanka sartzea. Barkatu dezakegu egia esaten bada, baina ezin da gezurra barkatu, eta herritarrei gezurra esatea oso larria da. Uneotan, Osasun sailburuak konfiantza eman behar die herritarrei, eta orain arte ez die eman", berretsi du.
Gainera, Osakidetzaren eta Osasun Sailaren arduradunen jokabideak "eredugarria" izan behar duela adierazi du, eta horren ordez, "txertoak eurenak balira moduan" ari direla jokatzen. "Ardurak bere gain hartzea nahi dugu. Hemen garbiketa bat egin beharra dago, eta eskatzen duguna da egiazki jokatzeko Osakidetzari, Osasun Sailari, eta politikari zilegitasuna emateko, eta herritarren osasuna zaintzen dela bermatzeko bereziki", erantsi du.
Ondoren Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaileak hartu du hitza, eta esan du "eskandalua are handiagoa" dela, "bertsio kontraesankorrak" daudelako eta horrek zalantzan jartzen duelako "Sailak txertaketaren berri bazuen ala ez".
"Argitu beharra dago Saila eta sailburua bera txertaketa horien jakitun ziren, eta horrela txertatzeko asmoa zegoela ote zekiten", eskatu du.
Elkarrekin Podemos-IUrentzat sailburuaren azalpenak ez dira "sinesgarriak", eta berretsi du beharrezkoa dela Legebiltzarrean Ikerketa Batzordea osatzea "gertatutakoa ikertzeko", "bertsio desberdinak" baitaude.
Hernandezek sailburuari galdetu dio ea txerto sortak baimentzen dituzten berrikusi gabe. "Zuk esaten duzu ez zenuela azaldu dituzun gertakarien berri, eta kargugabetutako zuzendarietako batek gutxienez, Sabasek hain zuzen ere, dio zuk bazenekiela. Oso garrantzitsua da hori argitzea, zeren kontrakoa esan arren jakinaren gainean bazeunden, dimisioa eman beharko zenuke", defendatu du.
Laura Garrido PP+Cs koalizioaren legebiltzarkideak Sagarduiri eskatu dio argi dezala Osakidetzako edo Osasun Saileko goi-kargudunen batek ba ote zuen txertaketa irregular horien berri, bereziki Santa Marinaren kasuan, zuzendari ohiak horixe baieztatu baitu.
"Zuk Sabas dimititzera behartu baduzu mehatxupean; eta zuk txertaketa hori baimendu bazenuen, argi dago zuk joan egin beharko zenukeela Sabas jaunarekin batera", aldarrikatu du.
Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak, bere aldetik, Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatu du. Dimitituko ez balu, Osasun sailburua kargutik kentzeko eskatu dio lehendakariari.
Sindikatuak
Bestalde, ELAk bat egin du alderdien eskaerarekin eta "ardurak bere gain hartzeko" eskatu dio sailburuari txertaketa prozesuan "izandako planifikazio eta kontrol ezagatik". Era berean, "arreta desbideratzen ez saiatzeko" eskatu dio, txertaketa protokoloaren urraketa, "zalantzarik gabe, Osasun Saila prozesua modu ilunean" eramaten ari delako baita.
CC. OO.k azaldu duenez, Santa Marinan sindikatuko ordezkari batek txertoa jaso duela jakin bezain laster, kargugabetu egin dute. "Txertaketa protokoloa urratzea larria da, eta beharrezko neurriak hartu behar dira", adierazi du CC. OO.k, Osasun Sailari "exijentzia maila berbera" eskatu aurretik.
UGT Euskadik, berriz, txertaketa protokoloaren "gardentasun eza" egotzi dio Sagarduiri, eta salatu du sailburuak "ardurak desbideratzen" dituela.