Politika
Koronabirusa
EITB Media | Agentziak
EH Bildu, EP eta PP+Cs taldeetako legebiltzarkideek Basurtu eta Santa Marinako ospitaleetako gerente ohiek beren "botere politikoa" euren buruak txertatzeko erabiltzea kritikatu dute.
Mikel Otero (EH Bildu) eta Laura Garrido (PP+Cs), 'Parlamento en las Ondas' saioan. Irudia: EITB
Albisteak (9)
Oposizioko alderdiek LABIk hartzen dituen neurrien berri hedabideetatik baino ez izatea kritikatu dute, informazio gehiago galdegin dute eta Bilboko Basurtu eta Santa Marina ospitaleetan gertatutakoa presaz ikertzea eskatu dute.
Eusko Legebiltzarreko kideek pandemiaren eragina eta hartutako neurri berriak aztertu dituzte Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioan.
Zentzu horretan, EAJko Leixuri Arrizabalagak hartutako azken neurriak baloratu ditu eta azpimarratu du "ez zegoela lekurik ostalaritza sektore osoa ixteko", oso zigortuta dagoelako.
Bestalde, LABI "gobernantza partekatuaren adibide argia" dela esan du, eta gogorarazi du etxeratze-aginduaren balizko aurrerapenak beste erkidego batzuen babesa zuela, baina Espainiako Gobernuak ezetz esan diola. "Ez dugu oso ondo ulertzen zergatik, baina errespetatzen dugu, eta lanean jarraitu behar dugu hemen ditugun erremintekin", gehitu du.
Gainera, EH Bilduri leporatu dio mezu "apokaliptikoak" botatzea, "egi erdiekin", eta esan du hartutako neurri murriztaileak "laguntzekin" batera datozela.
Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtu eta Santa Marinako ospitaleetako gerente ohien egoerari dagokionez –Osakidetzaren protokoloari kasu egin gabe txertoa hartu eta kargua utzi dute–, esan du "Osasun sailburuak ez zuela baimendu".
"Osasun erakunde guztietako arduradunek txertatzeko irizpideen berri zuten, eta instrukzioak oso argiak ziren. Tamalez, arduragabe jokatzen duten pertsonak daude", kritikatu du.
EH Bilduko Mikel Otero legebiltzarkideak deitoratu du oposizioko alderdiek komunikabideen bitartez ezagutzea LABIren erabakiak, eta Jaurlaritzari eskatu dio "bere erabakiak Legebiltzarrarekin konpartitzeko".
Gainera, kritikatu du neurri murriztaile berriekin batera ez direla hartu "osasun sistema indartzeko" edo "gaizkien pasatzen ari diren sektoreei laguntzeko" konpentsazio neurriak.
"Erabaki kontrajarriak eta ulertzen zailak daude. Jaurlaritzak behin eta berriro esan du merkataritza eta ostalaritza 19:00etan ixtea beharrezkoa zela. Zergatik ez du egin? Taktika bat da, hobeto datorrelako neurri deseroso horiek Sanchezen Gobernuak hartzea. Gobernuek iragarpen positiboak baino ez dituzte eman nahi, eta negatiboak besteek hartzea nahi dute", kritikatu du.
Bestalde, Maiz eta Sabas goi-karguen "VIP txertaketa eskandalu onartezina" dela esan du.
"Honek kezkatzen eta sumintzen du, baina ez da sorpresa bat. Kasta bat dago, EAJri lotutako elite politiko bat, guztirako eskubidea duela uste duena, bizitza osoan karguz kargu aldatzen joan dena alderdiari leialtasuna izateagatik. Lehenik LEPekin eta azterketen filtrazioarekin, gero pandemiaren kudeaketarekin eta orain honekin, larriena da Osakidetzaren irudia suntsitzen dutela", esan du. "Txertatzeko egutegi argien" ondorioa izan dela gehitu du Oterok.
Bestalde, PSE-EEko Eneko Anduezaren arabera, sozialistek, Eusko Jaurlaritzaren parte diren aldetik, ez dute "ez ikusiarena egingo edo ezer estaliko", pandemiaren kudeaketari dagokionez.
"Koalizio Exekutibo hau osatzen dugun alderdiek ez dugu azalpenak ematea saihestu", esan du. Anduezaren ustez, Jaurlaritzari dagokio erabakiak hartzea, bere "erantzukizuna" delako.
EH Bilduren kritiken aurrean, Anduezak esan du koalizioak gobernatzen dituen udaletan hartzen dituen neurriei buruz hitz egin beharko litzatekeela, bertan ere oposizioak "ez informatzea" leporatzen dielako.
"Taktika Jaurlaritzari zein kontu honekin politika egiten duen oposizioari egotzi ahal zaie. Jaurlaritzak modu egokian eta irizpide teknikoen arabera hartzen ditu erabakiak", esan du.
Azkenik, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako egoerari dagokionez, Anduezak esan du protokoloak "bete egin" behar direla, eta gertatutakoa "argitzearen" alde egin eta sailburua "argitu nahi duen lehenengoa" dela esan du.
Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalez legebiltzarkidearentzat, pandemiaren kontra borrokatzeko neurri murriztaileagoak hartzea "arrazoizkoa" da, baina oposizioak horren berri "hedabideen bitartez" izatea kritikatu du.
Bere ustez, udalerrien perimetroa ixtea "zentzuzkoa" da, jende pilaketak saihesteko, baina ohartarazi du "Jaurlaritzaren neurri murriztaile bakoitzarengatik, ondorio ekonomikoak orekatzeko beste neurri sozial bat hartu beharko litzakeela".
Gainera, uste du "presazkoa" dela Eusko Legebiltzarrean ospitaleetako zuzendarien txertaketa "amaierara arte" argituko duen ikerketa bat abiatzea. "Egoera bereziki larria da; interes pertsonalak lehenestea da, eta botere politikoa erabiltzea arrisku taldeetakoen osasunaren aurretik", kritikatu du.
Azkenik, PP+Cs koalizioko Laura Garrido legebiltzarkidearentzat "kezkagarria" da egoera, eta defendatu du neurriak hartzeko orduan epidemiologoen proposamenei kasu egin behar zaiela.
Bere ustez deigarria da EAE murrizketa "gogorrenak" hartzen dituenetariko bat izatea, "eta horietako asko ez dira behar besteko aurrerapenarekin iragarri".
"Sektore batzuei eragiten dieten neurriak hartzen direnean, laguntza eta neurri ekonomikoekin batera hartu beharko lirateke", esan du. Mugikortasuna murriztea begi onez ikusten du, baina beste zenbait esparru ere zaindu behar direla uste du, "garraio publikoetako eta saltoki handietako jende pilaketak", kasu.
Oposizioko gainontzeko taldeek bezala, LABIren eta Eusko Jaurlaritzaren erabakien inguruan "informazio falta" dagoela esan du.
Azkenik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako zuzendari ohien txertaketari eta ikerketari buruzko azalpenak eman behar dituela esan du.
"Oso ekintza larriak dira, eta ikerketa azkartu behar da, kasu isolatuak diren ala ez eta sailburuak horien berri zituen argitzeko. LEPeko irregulartasunen ondorioz azkenaldian hain kaltetuta dagoen Osakidetzaren sinesgarritasuna dago jokoan", ohartarazi du.
Sabas eta Maiz "euren postuak aprobetxatuta protokoloak bete ez dituzten bi jeltzale" direla gogorarazi du Garridok.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa