Politika
Koronabirusa
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jose Luis Sabas Santa Marina ospitaleko zuzendari ohiaren arabera, Osasun sailburuak bazekien erietxe horretan "lantalde guztiari" jarri behar ziotela txertoa eta ez zuen inolako eragozpenik jarri.
Albisteak (3)
Jose Luis Sabas Bilboko Santa Marina ospitaleko zuzendariak dimisioa eman zuen atzo, orain jartzea ez zegokion arren, covid-19aren aurkako txertoa hartu zuela publiko egin ostean sortutako polemikaren ondorioz.
Gaur errugabea dela defendatu du El Correo-n egindako elkarrizketa batean eta azpimarratu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin hitz egin zuela erietxeko "lantalde guztia" txertatzeko aukeraz, eta hark ez ziola inolako eragozpenik jarri ziurtatu du. Alderantziz, zenbat dosi behar zituzten galdetu ziola erantsi du. Horrez gain, Osasun Sailetik jasandako "mehatxuengatik" dimititu zuela adierazi du.
Alabaina, Sagarduik ukatu egin du halakorik. Sabasek txertoa hartzeko asmoa zuela jakinarazi ez ziola esan du, eta berretsi egin du Osakidetzako goi-kargu guztiek badakitela zeintzuk diren txertoa emateko irizpideak eta, ondorioz, badakitela osasun zentroetan "lehen lerroan" lanean ari diren profesionalak izango direla txertoa hartzen lehenak.
Protokoloa urratuta txertoa hartu zuen beste goi-kargua Eduardo Maiz Basurtuko ospitaleko zuzendaria da. Dimisioa emateari uko egin zion eta Osasun Sailak kargutik kendu zuen. Ez du adierazpen publikorik egin.
Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat jarri du abian eta amaitutakoan Sagarduik agerraldian egingo du Legebiltzarrean azalpen guztiak emateko.
"Gertatutakoa ikertzen ari gara eta ikusteko dago bi kasu baino gehiago izan diren ala ez; eta orduan aztertuko dugu beste neurri batzuk hartu behar diren", adierazi du.
Bi goi-kargu horiek txertoaren bigarren dosia jasoko duten galdetuta, Sagarduik baietz esan du, horrela egingo ez balitz dosi bat alperrik galduko litzatekeela argudiatuta.
Sindikatuak: "Onartezina eta miserablea da"
Osakidetzako sindikatuek ere ez dakite antzeko irregulartasun gehiagorik izan den ala ez. "Oso zaila da baieztapenik egitea. Ez dakigu, eta horregatik eskatu dugu ikerketa azkeneraino eramatea".
Gauzak horrela, oraingoz ez dute auzitegira joko, baina aukera hori baztertu ezin daitekeela azpimarratu dute.
Basurtuko eta Santa Marinako ospitaleetan gertatutakoa "onartezina eta miserablea" dela salatu dute. "Txerto gutxi daude. Ez dagokionak hartzen badu, beste pertsona bat txertorik gabe geratzen da", ohartarazi dute. Ildo horretan, atzo Gipuzkoan dosirik gabe geratu zirela eta, ondorioz, txertaketa kanpaina eten egin behar izan zutela gogoratu dute.
Legebiltzarreko oposizioko talde politikoek ere azalpenak eskatu dituzte. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, "oso larria" da tokatzen ez zitzaienean Osakidetzako goi-kargudunek txertoa hartu izana; izan ere, "honek erakusten baitu herritarren gainetik dagoen elite bat existitzen dela, eta hori oso arriskutsua eskuin muturrari atea irekitzen diolako".
"Herri honekiko konpromisoa desagertzen denean eta horren aurretik interes pertsonalak jartzen direnean, horrelakoak gertatzen dira. Eta horrek proiektu bat agortzen ari dela erakusten du", erantsi du ETB1n egindako elkarrizketa batean.
Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak, berriz, Osasun sailburuak kargua utzi beharko lukeela esan du, txertoa hartzeko baimena eman zuela baieztatzen bada. Halaber, neurriak berehala hartuta, Iñigo Urkullu lehendakariak polemika hau guztia argitu beharko lukeela erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa