18:04

Politika

Presoak

Presoen eskubideen aldeko aldarria Euskal Herri osoko herri eta hirietan zabaldu dute

Mikel Dominguez | EITB Media

Urteroko jende uholderik gabe egin dute Bilbon ekitaldi nagusia, presoak hurbiltzea eta gradu progresioan sakontzea eskatzeko. 238 udalerritan ekarretaratzeak eta martxak egin dituzte.

2:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gabonen osteko lehen larunbateko presoen eskubideen aldeko ohiko manifestazioak, pandemiaren ondorioz, ezohiko itxura eman du aurten. Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare Herritarrak deituta, jende uholderik gabeko martxa egin dute Bilbon, 16:30etan hasita, Moyua plazatik udaletxeraino.

Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea gara lelopean, manifestazioa egin dute ehunka lagunek Bilboko Kale Nagusian zehar. Herritarrez gain, bertan izan dira alderdietako, sindikatuetako eta beste eragile sozialetako ordezkari ugari.

Ekitaldi nagusiaz gain, elkarretaratzeak egin dituzte 17:30etan Nafarroako 78 udalerritan, Bizkaiko 73tan, Gipuzkoako 60tan eta Arabako 17tan. Ipar Euskal Herrian ekitaldi bakarra antolatu dute Bakearen Artisauek: giza katea Baionan.

Bilboko manifestazioan, Amaia Goirigolzarri abokatuakk eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak irakurri dute martxa bukaerako mezua. Presoen eskubideen aldeko urratsak eman badira ere, asko dagoela egiteko azpimaratu dute.

"Frantzian Xistor Aranbururen baldintzapeko askatasunak itxaropen bide berriak zabaldu ditu, Fiskaltzaren blokeo jarrera hautsiz. Espainian, berriz, presoen lekualdatzeek eta gerturatzeek jarrera aldaketa ematen ari dela erakusten dute, nahikoa ez izan arren. Aukera badela, bidea badela erakusten digu horrek. Eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori finko bilakatzeko", esan du Goirigolzarrik.

"Euskal Herri osoan zehar irudi ezin hobea" sortzeko mobilizazioetan parte hartu duten pertsonei eskerrak eman dizkie Sarek. Manifestuan, sare herritarrak esan du kalera irten den bakoitza "bere moduan" egin duela, baina guztiak bide berean izan direla, "etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean".

Pozik agertu dira Sareko ordezkariak, azken urteetan jende ugari "elkarlanean aritzeko batu delako" eta "urrats asko" eman direlako, "enpatia eta giza eskubideak abiapuntu hartuta". Horrekin batera, maila sindikalean, instituzionalean, sozialean eta politikoan lortutako akordioak eta "gatazka" modu zuzenean sufritu duten pertsonen "aldeko ahotsak" azpimarratu dituzte.

"Ezin da aurrera egin hainbeste sufrimendua sortzen jarraitzen duen egoera hau aldatu gabe, ezin da aurrera egin familiak eta, batez ere, umeak eta adinekoak zigortzen dituen urruntze politika aldatu gabe. Ezin da aurrera egin gaixotasun larriak dituzten presoak egoera latzetan espetxean mantenduta edo gradu progresioa ukatuta, progresio horrek etxerako bidea ahalbidetzen duenean", ohartarazi dute.

Euripean irten dira Bilboko kaleetara; Euskal Herriko beste zenbait tokitan, elurpean egin dituzte martxak. Guztietan aldarri berak izan dituzte: presoen eskubideak bermatzea, sakabanatzearekin amaitzea, gaixo dauden presoak etxeratzea eta presoen gradu progresioari bide ematea. Elkarretaratzeak mosaiko desberdinak irudikatzeko baliatu dituzte.

Torraren babesa

Quim Torra Kataluniako presidente ohiak ere bat egin du mobilizazioekin, Sarek zabaldutako mezu batean bidez. Kataluniak eta Euskal Herriak "historia komun bat" dutela esan du.

"Preso politikoen askatasunaren aldeko jardunaldi batekin" bat egin du Torrak. "Euskaldunen kausa Kataluniaren kausa da, eta askatasunaren kausa bi herrien kausa da", esan Torrak, Agirre lehendakariaren hitzak gogoan hartuta.

Kataluniako herriari erakutsitako babesa gogoratu ondoren, elkartasuna helarazi du eta esan du Kataluniako etorkizunean "Kataluniako errepublika ala Espainiako monarkia" izango dela, "Euskadin gertatzen den bezala".

ANCren pankarta Bilboko manifestazioan. Argazkia: EFE

Eguerdian, ekitaldia Euskalduna Jauregian

Sarek presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea eta gradu progresioan aurrerapausoak ematea eskatu du Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi batean. EAJ, EH Bildu eta Ahal Duguko ordezkariak izan dira ekitaldian, baita sindikatuetako eta beste elkarteetako kideak ere.

Eguerdian irakurritako manifestuan, Sarek esan du "itxaropena sortzen duen garai bat" dugula aurrean, "zerbait mugitzen ari delako espetxe politikan", gizartearen aldarrikapen bateratuari eta Espainiar Estatuko "gehiengo politiko berriei" esker.

Sarearentzat "aringarria" da presoak familiarengandik gertuago duden kartzeletara mugitzea, "senide askorentzat urteetan egin behar izan dituzten bidaia luzeak murrizten direlako". Desplazamendu horiek 16 hildako eta 400 trafiko istripu utzi dituztela gogorarazi du.

Hala ere, egoera ez da oraindik "onargarria". Presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeaz gain, "urruntzearen zigor gehigarria kentze aldera", Sarerentzat "gradu progresioa azkartu behar da".

Azaldu duenez, "euskal preso gehienek gradu-progresioa aplikatzeko mekanismo legalak onartu" dituzte, eta Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak ez dauka "aitzakiarik" modu orokortuan ez aplikatzeko. Presoen murgiltze soziala "azkarra" dela eta ez dagoela delitua berriro egiteko arriskurik ere azpimarratu du Sarek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena