Politika
MOBILIZAZIOAK
EITB MEDIA
Euskal Herri osoko 238 herri eta hiritan egingo dira mobilizazioak, presoen gerturatzea eskatzeko. Bakearen eta bizikidetzaren aldeko aldarria izatea ere nahi du Sarek.
Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, Sareko eledunak, gaur Bilbon. Argazkia: EITB MEDIA
Covid-19aren pandemiak ez du ahalbidetu presoen eskubideen alde urtero Bilbon egin ohi den manifestazio jendetsua deitzea, baina horren ordez, Euskal Herri osoko 238 herri eta hiritako plazetan antolatu ditu protestak Sare plataformak. Euskal presoak gerturatzea eta horien eskubideak errespetatzea eskatuko dute, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko mezua zabaltzearekin batera.
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko eledunek eman zituzten, atzo, mobilizazioei buruzko xehetasunak, Bilbon egin zuten agerraldi batean, eta herritarrei protestetara batzeko azken deia egiteko aprobetxatu zuten prentsaurrekoa. "Ez pandemia honek, ez eguraldiaren aurreikuspenek, ez dute gehiegi laguntzen, baina ziur gaude ditugun datuak ikusirik, aurten ere, milaka herritar batuko direla euskal presoen eskubideen urraketa amaitu eta Euskal Herrira itzultzen hasteko deialdiaren baitan. Eta horrekin batera, bizikidetzaren eta bakearen alde", esan zuten.
Sarek nabarmendu zuenez, "desberdinen arteko adostasun eta akordioak lortzea" ezinbestekoa da, "euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika honekin amaitu eta bizikidetzan eta konponbidean aurrera egiteko", eta horretarako, "gizartearen aktibazioa" beharrezkoa da.
Bilbon egingo dira gaurko bi ekitaldi nagusiak; batetik, goizean, 11:30ean, Euskalduna Jauregian 70 bat eragile batuko dira, gizarteko esparru guztietakoak. "Inoiz izan dugun esparru politiko, sindikal eta sozialeko ordezkaritzarik zabalenak lagunduta egingo dugu", zehaztu zuten. Besteak beste, EAJ, EH Bildu, Podemos Euskadi eta Nafarroa, Gero Bai eta euskal sindikatu guztietako eragileak izango dira bertan, hezkuntza, kultura eta kirol esparruetako ordezkariekin batera. Halaber, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiek ere bat egin dute deialdiarekin.
Kataluniako politikagintzako ordezkaritza zabal bat ere batu da aldarrikapenera; besteak beste, Carles Puigdemont eta Quim Torra presidente ohiak, Roger Torra Parlamenteko presidentea, Omniun Cultural eta ANC elkarteak, eta ERC, Junts per Catalunya eta CUP alderdiak.
Paul Rios Aieteko adierazpenaren sustatzaileetakoak eta Nekane Altzelai Ahotsakeko kideak irekiko dute Euskaldunako ekitaldia, eta horien atzetik, Sareko ordezkariek hartuko dute hitza.
Manifestazioak
Arratsalderako deituta dauden manifestazio gehienak 17:30ean egingo dira, Bilbokoa izan ezik. Azken hori, 16:30ean abiatuko da Moyua Plazatik, eta Udaletxearen atarian amaituko da, Amaia Goirigolzarri abokatuak eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak irakurriko duten adierazpenarekin.
Sarek nabarmendu zuenez, "mobilizazio horiek guztiak osasun-agintarien argibide guztiak kontuan hartuta egingo dira, guztion segurtasuna bermatu dadin". Protestak 238 herritan egingo diren arren, denera 414 udalerri batu dira deialdira; hainbat herrik elkarrekin antolatu dituzte ekitaldiak.
Arabako 17 herritan, Bizkaiko 74tan, Gipuzkoako 69tan eta Nafarroako 78tan daude mobilizazioak deituta. Ipar Euskal Herrian, Baionan antolatu dute Bake Bideak eta Bake Artisauek elkarretaratze bateratua.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa