Politika
AURREKONTUAK
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuan "aldaketa iraultzailerik" ez dela egongo argitu dio EH Bilduri eta zehaztasuna eskatu dio.
Albisteak (3)
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ostiral honetan Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin izandako bilera "hankamotz gelditu dela" esan du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko aurrekontuaren inguruan.
Sailburua EH Bilduko legebiltzarkideekin bildu da Bilbon, aurrekontuen proiektua aurkezteko oposizioarekin egin duen lehen bileran. EAJren eta PSE-EEren gobernuak gehiengo absolutua duen arren, eta horrekin aurrekontuen onarpena bermatuta duen arren, beste babesen bat lortu nahi dute.
Oraingoz, EH Bildurekin jarrerak urrun daude: "Bilera atsegina izan da formei dagokienez, baina, edukiari dagokionez, hankamotz gelditu da", laburbildu du Iriartek.
"Azken hilabeteetan Jaurlaritzak ez du beste jarrerarik izan. EH Bildurekin ez da elkarrizketarik izan", azpimarratu du bozeramaileak.
Iriartek salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak "behin eta berriz esaten du auzolanean lan egin nahi duela eta gehiengo absolutua handitu nahi duela, eta agertokia zein zen jakin nahi genuen, baina itxaropen handirik gabe atera gara".
Iriarteren arabera, aurkeztutako aurrekontuak "ez du balio" salbuespenezko une honetarako. "Salbuespenezko egoera honetan salbuespenezko erantzunak eman behar dira, eta erantzun horiek planteamendu politiko integral batetik baino ez dira etorriko; EH Bilduk horretan lan egiten du eta planteamendua aurkeztuko du", esan du.
Ez du argitu osoko zuzenketarik aurkeztuko duten ala ez. Oraingoz, "planteamendu integrala" helaraziko diote Jaurlaritzari.
Bileraren ostean, Ekonomia Sailak ohar bat igorri du, eta bertan zehaztu du Azpiazu sailburuak esan duela talde politiko bakoitzak "jarrera hartu eta erabaki behar duela ea euskal herritarren ongizateari eta herrialde honetako garapen ekonomikoari eta enplegua berreskuratzeari babesa ematen dion, aurrekontuari babesa emanez".
Azpiazuren esanetan, aurrekontuak "pandemiak sortutako aparteko beharrei erantzuten die, 770 milioi euroko benetako gastuarekin eta inolako murrizketarik gabe".
EH Bilduk "ariketa politiko integrala" egiteko planteamenduari dagokionez, Azpiazuk gogorarazi du aurrekontuaren negoziazioak "argi eta garbi zehaztutako ekonomia- eta eskumen-esparrua barne hartzen" duela, eta ez dela "aldaketa iraultzailerik eta zenbatezinik" gertatuko.
EH Bilduren "zehaztasun faltaren" aurrean, Azpiazu sailburuak datozen egunetan talde politiko horren proposamena jasotzeko interesa agertu du, planteatzen dituzten gaiak aztertu ahal izateko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa