14:13

Politika

presoak

Sare eta Bakearen Artisauak: "2021a konponbidearen urtea izan behar da"

E.G. | EITB MEDIA

Bi plataformetako ordezkariek nabarmendu dute "oraindik oso garrantzitsua dela jendea kalera ateratzea" eta horregatik larunbateko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

  • Sareren eta Bakegileen ordezkariak, Baionan

    Sareren eta Bakegileen ordezkariak, Baionan. Argazkia: @Artisans_Paix

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sare Herritarrak, Bakearen Artisauek eta Bake Bideak elkarretaratzeak deitu dituzte urtarrilaren 9rako, urtero egiten den manifestazio handiaren ordez, Espainiar eta Frantziar Estatuetako espetxeetan presoek duten "eskubideen urraketa desagerrarazteko" eskatzeko. Mobilizazioetarako bi egun falta diren honetan, Sareren eta Bakearen Artisauen ordezkariek "kalera ateratzeko" deia egin diete herritarrei 2021a "konponbidearen urtea" izan dadin.

Inaxio Oiartzabal eta Joseba Azkarraga Sareren bozeramaileek Baionan eskainitako prentsaurrekoan gogorarazi dutenez, Hego Euskal Herriko 220 herritan baino gehiagotan egingo dituzte kontzentrazioak, eta denak "agintariek adierazitako osasun-segurtasun neurri guztiak zainduz" egingo dituztela zehaztu dute.

Bion hitzetan, espetxe politikan izandako aurrerapausoak gorabehera, "oraindik ere oso garrantzitsua da jendea kalera ateratzea". Sareren ustez, euskal jendarteak "ausardia gehiago eskatu behar die Espainia eta Frantziako gobernuei". Horren ildoan, gogorarazi dute Espainiako espetxeetan dauden 163 presoetatik, % 29 batez beste 600/1.100 kilometrora daudela; % 20, 400/590 kilometrora eta % 38, 100/390 km artean. Hala, 25 preso baino ez daude Euskal Herriko kartzeletan.

Sare Herritarrak aitortu du "zerbait mugitzen" ari dela "espetxe-politikan". "Gerturatze batzuk gertatzen ari dira, eta hori lasaigarri bat da familia batzuentzat, preso dauden senideak bisitatzeko urteetan zehar egiten ari diren distantzia luzeak murrizten baitituzte", nabarmendu dute.

Horrenbestez, 2021a "konponbidearen urtea" izan behar del aldarrikatu dute, eta hiru helburu zehaztu dituzte. Aurrena, "preso guztiak Euskal Herrira ekartzea eta erbesteratuen itzulera bermatzea". Bigarrenik, "graduek progresioa izatea preso guztientzat. Espainiako kartzeletan dauden 163 presoetatik 107 lehen graduan daude. Preso batzuk 30 urteko askatasun-gabetzearen ondoren ateratzen ari dira, eta lehen graduan ateratzen ari dira". Azkenik, gaixotasun larriak dituzten preso guztiak aske uztea galdegin dute. Hori guztia gauzatzeko bi arrazoi aipatu dituzte Sareren bozeramaileek: "Legeak baimentzen duelako eta gizatasun hutsagatik".

Bestalde, Anais Funosas eta Mixel Berhokoirigoin (Bakearen Artisauak) jakinarazi dute Baionan larunbaterako deituta dagoen mobilizaziorako (17:00etan) 1.000 erreserba baino gehiago izan dituztela, eta Jean-François Irigoyen Donibane Lohizuneko auzapezak eta Chantal Herguy Aiziritzeko auzapezak irakurriko dute elkarretaratzearen amaierako mezua.

EH Bildu eta LAB mobilizazioetan izango dira

Bestalde, EH Bilduk Sarek, Bakearen Artisauek eta Bake Bideak Euskal Herriko hiri eta herrietan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, presoen eskubideak aldarrikatzeko eta salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko.

Ohar batean, EH Bilduk adierazi du urtarrileko manifestazio jendetsua ezin egiteak ez duela esan nahi euskal presoen eskubideak aldarrikatu gabe geratu behar direnik. "Beste behin ere, aurten funtsezkoa da aldarrikapen horiek leku guztietara helaraztea, euskal presoen eta haien senideen oinarrizko giza eskubideak sistematikoki urratzen jarraitzen baitute", adierazi du.

"Azken hilabeteetan arlo honetan aurrerapausoak badira ere, urruntze politikak indarrean jarraitzen du", ohartarazi du koalizio soberanistak.

LAB sindikatuak ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, eta iragarri du sindikatuko batzorde nazionaleko kideak beren inguruko deialdietan izango direla. Halaber, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Endika Perez Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den ekitaldian izango direla jakinarazi du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena