Politika
Elkarrizketa 'Gara'n
Erredakzioa
ETAk aitortu du ez duela "bilera zuzenik" egin Espainiako Gobernuarekin, baina "elkar ezagutza" izan dela eta PP "jakinaren gainean" egon dela gaineratu du.
Albisteak (2)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)
'Gara' egunkariak ETAko bi bozeramaileri egindako elkarrizketa batean, erakunde terroristak aitortu du indarkeriak "sufrimendu asko" eragin duela, baina kritikatu egin ditu "gatazkaren gakoak" ahaztea helburu duten "irakurketak", eta "estatuek eragindako eta ez aitortutako biktima eta sufrimendu asko" ere badaudela gaineratu du.
ETAko bozermaileek esan dute indarkeria uzteko erabakia "askapen prozesuko une historikoari lotuta" dagoela, eta eztabaida duela hamarkada bat hasi zela, "Euskal Herrian aldaketa gauzatzeko baldintzak daudela pentsatzen hasi ginenean".
Eledunek ukatu egin dute erabakia "menperatuta" daudelako hartu izana, eta diskurtso hori "estatuen estrategiaren parte" dela kritikatu dute: "Estatuen itxikieriaren aurrean, ezker abertzaleak eztabaida hastea erabaki zuen".
ETAk aitortu du ez duela "bilera zuzenik" egin Gobernuarekin, baina "elkar ezagutza" izan dela, "eta PP jakinaren gainean zegoen".
Mariano Rajoyk indarkeria uzteko erabakiaren aurrean agertutako erantzunaren harira, erakunde terroristak nabarmendu du "orain arteko diskurtso ezkorra, erasokorra eta zentzugabea" apurtu duela, baina PP Gobernura heltzea ez dela "aldagai erabakigarria" izango erantsi du.
Hemendik aurrera, ETAren hitzetan, "elkarrizketa zuzenak" abiatu beharko dira Espainiako eta Frantziako Estatuekin, nazioarteko eragileen parte-hartzearekin, eta agendan hiru gai kokatu ditu: presoak eta erbesteratuak "etxera" itzultzea, ETAren armak "deuseztatzea" eta "Euskal Herria desmilitarizatzea".
Presoei dagokienez, bozeramaileek esan dute "epeak" ere garrantzitsuak direla: "Lehenbailehen konpondu behar da, ikuspegi politikoa zein humanitarioa kontuan hartuta".
Estatuek elkarrizketa abiatzeari uko egingo baliote, egoera "zaildu" egingo litzatekeela ohartarazi dute, baina hori gertatuko balitz, "pazientzia" izango luketela eta "eguneroko lanarekin" jarraituko luketela azaldu dute.
Euren esanetan, "konponbide politikoa" eztabaida prozesu batetik sortu behar da, baina ETA ez dela prozesuarentzat "oztopo" izango argitu dute: "ETA ez da eseriko negoziazio politikoaren mahaian". "Herriak izan behar du protagonismoa; soilik herriak berma dezake prozesuaren garapena", azpimarratu du.
'Gara' egunkariak ez du zehaztu non egin duen elkarrizketa, ezta elkarrizketatuak nortzuk diren eta ETAn zer kargu duten ere.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa