13:51

Politika

Ekitaldiak Donostian

Mikel Zabalzak erakundeen aurreneko omenaldia jaso du Donostian

E. L. | EiTB Media

"Auzia behin betiko argitu" behar dela esan du Goiak. Lourdes Zabalza hildakoaren arrebak azpimarratu duenez, Udalaren babesa sentitzea "oso garrantzitsua" da familiarentzat.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erakunde publiko batek Mikel Zabalzari eginiko lehen omenaldia hartu du Donostiako udaletxeak larunbat honetan. Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian agertu zen 1985ean, Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egun geroago. Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkaria omenaldian izan da.

Eneko Goia alkateak eta Udalbatzako alderdi guztiek (EAJ, PSE, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Donostia) babestu dute ekitaldia. "Biktimekin eta herri honetan sufritu duen jendearekin enpatia izateko" garrantzia nabarmendu du Itxasok Twitter sare sozialean.

Heriotzaren 35. urteurrenean egindako omenaldian, Udaleko talde politiko guztietako zinegotziek, Mikel Zabalzaren senitartekoek eta lagunek, eta erkidegoko eta aldundiko buruzagiek parte hartu dute.

Udalbatza aretoan egindako ekitaldia 11:00etan hasi da. Donostiako bandera eta plaka bat hantxe izan dira. Alkateak hartu du hitza omenaldian, eta Zabalza Donostiako Tranbia Konpainiaren langilea zela gogorarazi du. “Erantzukizuna, boterea eta gaitasuna dutenek auzia argitzen” lagundu dezatela eskatu du Goiak.

“Indarkeriaren biktimak izan direnentzako beti” aldarrikatzen duen “memoria, erreparazioa eta justizia”, “Zabalza auziaren behin betiko argiketan zehaztu” behar direla uste du Goiak. Buruzagiaren ahotan, haren senideek eta adiskideek “zauriak gaur itxi ahal izateko ezinbesteko” pausoa da; izan ere, “zauriek zabalik jarraitzen dute 35 urte beranduago”.

Ondoren, Lourdes Zabalzak hildakoaren arrebak hartu du hitza. Ahanztura saihesteko Udalaren laguntza eskertu du Zabalzak. Erantsi duenez, Udalaren babesa sentitzea “oso garrantzitsua” da familiarentzat.

Minutu bateko isilunea gorde eta lore eskaintza egin dute ondoren. Zabalza gogorarazteko plakaren alboan arrosa zuri sorta bat jarri dute, txistularien melodia batek lagunduta.

Gainera, Altza auzoko San Martzial plazan 'Mikelen Txokoa' inauguratu dute, Zabalzaren oroimenerako tokia.

Denis Itxaso: "Zauriak garbitzen direnean soilik itxiko dira"

Bestalde, Denis Itxasok ez du adierazpenik egin omenaldiaren amaieran, baina Twitter sare sozialean zenbait mezu zabaldu ditu. Gogorarazi duenez, 1985an 10 urte eskas zituen, baina “zauriak garbitzen direnean soilik” itxiko direla ikasi zuen.

“Aurreiritzien hesia botatzea lortzen badugu soilik izango da posible herri honetan elkarbizitza eraikitzea, horregatik izan naiz ekitaldian”, nabarmendu du Itxasok sare sozialean. “Biktimenganako benetako elkartasunean umiltasunez eta sektarismo gabe aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu”, gaineratu duenez.

“Biktimen testigantzari jaramon egin behar diogula uste izan dut beti, nahiz eta batzuetan pentsatzen eta esaten duten guztiarekin ados ez egon”, zehaztu du. “Euskadin sentsibilitate ugari eta prozesatu gabeko atsekabe asko daude”, adierazi du.

“Baina garaiera morala izan behar dugu, belaunaldi berriekin batera gorrotorik gabeko oraina landatzen badugu soilik, etorkizuna izango dugula ulertzeko; horretarako gaurko ekitaldia ekarpen baliotsua izan daiteke”, azpimarratu du.

“Giza eskubideen urraketen aurrean memoria berreskuratzeko” Udalaren ekimenen parte da gaurko ekitaldia.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena