Politika
Bateragune auzia
E.G. | EITB MEDIA
Auzitegiaren arabera, auzia berriro zabaltzea defentsen eta akusazioen eskubide bat da. Gainera, lehen epaiketa baliogabetu dutenez, Gorenak uste du zigortuak ez dituztela bi aldiz epaituko.
Albisteak (4)
Astelehenean Bateragune auziaren harira jakinarazitako erabakia argudioz jantzi du gaur Auzitegi Goreneko II. Salako osoko bilkurak. Azaldu duenez, auzia berriro zabaltzeko erabakia nahitaezkoa da Auzitegi Nazionalak emandako epaia baliogabetuta geratu den heinean.
Magistratuen iritziz, epaiketa berri bat egin behar da auziaren muinaren inguruko ebazpen baliodun bat izateko. Hots, delituzko ekintza horiek egon ote ziren eta akusatuek horietan parte hartu zuten ebazteko. Ebazpen berri hori defentsen eta akusazioen eskubide bat da, gainera, Gorenaren arabera.
Gaur kaleratutako testuan azaldu dutenez, akusatuak ekintzen egile gisa zigortu zituzten, eta zegokien zigorra bete zuten. "Zuzenbide estatua ezin da ezer esan gabe geratu balizko justifikazio bat ez duen askatasun gabezia baten aurrean", gaineratu dute. Bestalde, horren ustez, akusazioek lehengo lepotik dute burua eta "eskubidea" dute leporatutako horien inguruan ebazpen bat izateko.
Epaimahai inpartzial bat egon ez dela ebatzi den kasu guztietan, jurisprudentziaren arabera, "epaiketa eta ebazpena baliogabe jo dira, eta epaiketa beste osaera bat duen epaimahaiarekin errepikatu da. Kasu bakar batean ere ez da ebatzi eskubide urraketak absoluzioa ekarri duenik", argitu du Gorenak.
Auzitegiaren ustez, epai bat ez izateak berehalako bi ondorio izango lituzke. Batetik, "ez litzateke justiziaren behin betiko ebazpenik izango" ekintzen egitateaz, akusatuen parte hartzeaz eta balizko delituez. Bestetik, "akusatuei askatasuna kendu zaie berez existitzen ez den ebazpen baten ondorioz".
Absoluzio kasuetan ez da epaiketa errepikatzen
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epai baten aurrean, Gorenak uste du ezberdindu beharra dagoela ebazpen zigortzaile eta absoluziozkoen artean. Absoluzio kasuetan, epaiketa errepikatu behar ez dela jasotzen dituzten zortzi kasu aipatu ditu. Bateragune auziaren kasua bestelakoa dela azpimarratu du Auzitegiak; izan ere, akusatuak zigortu egin zituzten.
Gorenak gogorarazi du akusazioek euren argudioei eutsi dietela, eta epaia baliogabetuta geratu denez, euren asmoei eman beharreko baliozko erantzun gabe geratu direla. Erantzuna jasotzeko eskubidea dutela azpimarratu du Auzitegiak. Akusatuek ere erantzuna jasotzeko eskubidea dutela erantsi du Gorenak: "Zuzenbideak baliogabetuta geratu den epai batek askatasun gabe utzi zituen. Zuzenbidearen erantzun bat eskuratzeko eskubidea dute euren errugabetasun presuntzioaz".
Ez dituzte birritan epaituko delitu berarengatik
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintoren defentsak argudiatutakoa baztertu dute Auzitegi Goreneko 16 magistratuek; alegia, delitu berarengatik berriro epaitzea delitu berarengatik birritan epaituko lituzketela. Diotenez, lehen epaiketa hori baliogabetuta geratu denez, ez da halakorik gertatuko.
Auzitegiaren ustez, argudio horrek ez du heldulekurik Gorenaren zein Konstituzionalaren jurisprudentzian, ezta Giza Eskubideen Europako Auzitegiarenean ere. Are gehiago, Bateragune auzian zigortutakoen defentsak defendatutako beste argudio bat ere errefusatu du Gorenak: akusatuek hala eskatzen badute bakarrik errepikatu ahal dela epaiketa bat.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa