13:53

Politika

Bateragune auzia

Otegi: "Ezker abertzale independentistaren lidergoa kriminalizatu nahi dute"

EiTB.EUS

Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren epaiketa errepikatzeko hartutako erabakia "aberrazioa" dela esan du Otegik, eta auzi politiko baten aurrean daudela azpimarratu du.

5:59
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren iritziz, "aberrazioa" da Gorenak Auzitegi Nazionalari Bateragune auziaren epaiketa errepikatzeko emandako agindua, eta "ezker abertzaleak geroz eta indar handiagoa duen egungo agertoki politikoa ezegonkortzea" du helburu.

Otegik agerraldia egin du astearte honetan Donostian, Bateragune auziko gainerako auzipetuekin: Rafael Diez Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta. Bertan izan da, baita ere, EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramaile Maddalen Iriarte, "Voxek eskatuta eta Fiskaltzaren babesarekin" Gorenak hartutako erabakiari buruz hitz egiten.

Esan bezala, "aberraziotzat" jo du Otegik Gorenaren ebazpena, eta auzi politiko baten aurrean daudela azpimarratu du. Halaber, argi utzi du epaileek ez dutela Estrasburgoren ebazpena bete.

EH Bilduko koordinatzailearen esanetan, hauteskundeak galtzen dituen bakoitzean "justiziaz eta sektore militarrez, politikoez, finantzarioez eta mediatikoez baliatzen da eskuina espainiar Estatuko politikan agintzeko·.

"Sektore horiek kontrarreforma bultzatu nahi dute, 78ko Konstituzioa baino lehenagoko agertoki politikora itzulita", gaineratu du.

Ildo horretan, esan du ez duela EH Bilduren lidergoa uzteko asmorik, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari erantzunez. Are gehiago, koalizioa zuzentzeko proposamen hoberik badu, EH Bildura afiliatzea gomendatu dio Marlaskari.

"Telesforo Monzonengandik ikasi nuen Estatuak zuri buruz hitz egiten badu gauzak ondo egiten ari zarelako dela. Aldiz, Estatuak goratzen bazaitu, zerbait gaizki egiten ari zarenaren seinale da", erantsi du.

Kriminalizazioa

Gainera, Otegik nabarmendu du "ezker abertzale independentista kriminalizatzea" duela helburu operazio horrek, egungo agertoki politikoa ezegonkortu nahi duela iritzita.

Edozein modutan, ziurtatu du ez dutela lortuko koalizio soberanistak abiatutako bidea oztopatzea, "emaitzak eman dituelako·, "hauteskundez hauteskunde haziz doalako" eta "geroz eta indar handiagoa dugulako". "Inork ez gaitu iritziz aldaraziko, gal dezatela itxaropena", adierazi du.

"78ko erregimenarentzat jasangaitza da. Trantsizioa baldintza batzuen truke hitzartu zuten, eta orduan itundutako pribilegioei eta inpunitateari eutsi nahi diote", azaldu du.

"EH Bilduk espainiar politikan hartu duen indarraren jakitun, Estatuko egungo agertoki politikoa ezegonkortu nahi dute", Otegiren hitzetan.

Katalunia

Asteleheneko erabakiak Katalunian ere eragina duela esanez bukatu du agerraldia Otegik, "Estrasburgoren aginduak ez betetzeko gai dela erakutsi baitu Gorenak".



Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena