18:26

Politika

Bateragune auzia

Otegi: "Ez gintuzten ez menperatu ez makurrarazi, eta ez gaituzte otzanduko"

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Eragile sozial eta politiko gehienak agertu dira Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurka, baina Espainiako Gobernuak errespetatzeko eskatu du.

  • EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi

    EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi. EFEren artxiboko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Gorenak Bateragune auziarekin lotutako epaiketa errepikatzeko astelehen honetan hartutako erabakiaren harira, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du ebazpen horrekin ez dutela ezker abertzalea "makurraraziko", "ezta otzanduko ere".

Twitterren argitaratu duen mezu batean hauxe esan du, hitzez hitz, Otegik: "Ez gintuzten ez menperatu ez makurrarazi, eta ez gaituzte otzanduko. Egin irri. Irabaziko dugu!".

Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez ere Gorenaren erabakiaz mintzatu da, eta Espainiak duen demokrazia maila zalantzan jarri du.

"Sei urte egon gara kartzelan ilegalki, Europaren ebazpena gorabehera eta erakunde hori existitu gabe, eta atxilotu gintuztenetik hamabi urte igarota, berriro ere epaitu egingo gaituzte ETAko kide ginelakoan. Demokrazia? Zer demokrazia?", salatu du Rodriguezek.

Auzitegi Nazionalak 8 eta 10 urte bitarteko espetxe zigorra ezarri zien biei, baita gainerako auzipetuei ere: Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta. "ETAren agindupean Batasuna berreraikitzen saiatzeagatik" zigortu zituen, hain zuzen ere, auzitegi horrek.

Gerora, Auzitegi Gorenak zigorrak arindu zizkien. Halere, auzipetuek sei urteko espetxealdia bete behar izan zuten oso-osorik. Azkenean, baina, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliogabetu egin zuen epaia, Angela Murillo epailearen inpartzialtasuna argudiatuta.

EH Bilduk ez du Gorenaren gaurko erabakiaren inguruko agerraldi publikorik egin, sare sozialetan zabaldutako mezuak salbu.

Erreakzioak

Jose Luis Abalos PSOEren Antolakuntza idazkari eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministro espainiarrak EH Bildu bereizi du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak epaiketan izan dezakeen arduratik.

Abalosek errespetua agertu du erabaki judizialarekiko, eta bereizi egin nahi izan ditu erabaki eta ardura pertsonalak koalizioaren jardun parlamentariotik: "Gauza bat dira kontu pertsonalak, eta beste batzuk taldeari eragiten diotenak, alderdiak konstituzioa eta, ondorioz, legezkotasuna bere egiten eta errespetatzen duen heinean".

EAJrentzat, berriz, "ezusteko desatsegina" izan da Auzitegi Gorenaren erabakia, eta "Espainiako Konstituzioa egikaritzen duen segurtasun juridikoaren printzipioa zalantzan" jartzen duela uste du.

EAJk gogorarazi du ezker abertzaleko bost kideak "epaituak" izan zirela "zegozkien berme juridikorik gabe, eta zigorra bete zuten, osorik".

EAJren arabera, auzi hau "zentzugabekeria politiko-judiziala" da hasieratik, eta "Euskadin bizikidetza lortzeko oztopoa".

Eusko Alkartasunak (EA), bere aldetik, kritikatu du "oinarri politikoa" duela erabakiak, eta PSOEri eta Podemosi aurka daudela adierazteko eskatu die. Agiri batean salatu duenez, Auzitegi Gorena "iraganean geratu nahi dutenekin" kokatu da, eta "Espainiako Estatuak egitura juridikoan zilegitasun demokratiko arazoa" du.

Carlos Iturgaiz PPren EAEko buruak esan du, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiari erreferentzia eginez, "Espainiako gobernu sozialkomuniskaren bazkidea" berriro auzipetuen aulkitxoan eseri beharko dela Pedro Sanchez presidentearen eta Pablo Iglesias presidenteordearen "zoritxarrerako".

Isabel Salud Ezker Anitza-IUren koordinatzaileak Auzitegi Gorenaren erabakia kritikatu du, agerian uzten duelako "eskuindarrak auzitegietan gotortuta" daudela. Saludek adierazi duenez, "inor ezin da bi aldiz epaitu gertakari beragatik, are gutxiago ezarritako zigorra bete duenean".

ELA sindikatuak uste du Auzitegi Gorenaren erabakia "zentzugabekeria juridikoa" dela eta "arrazoi politikoak" daudela atzean. Haren esanetan, "ezker abertzalearen eta Estatuko beste erakunde subiranista batzuen homologazio instituzionala eragoztea" eta "Estatuko Gobernua eusten duen itun politikoa kaltetzea" du helburu.

LABek "epaiketa politiko guztiak amaitzea" eskatu du "irtenbidea lortzeko", eta gogorarazi du 'Bateragune auzia' ez zela "inpartziala" izan. Sindikaturen ustez, Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, "errealitateak fikzioa gainditzen du berriz ere".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena