Politika
NAFARROA
Auzitegi Gorenak Ayerdi kontseilariaren aurkako auzi penala zabaldu du
EITB.EUS
Prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen dio. Ikertzen ari diren gertakariek zerikusia dute Davalor enpresari 2015 eta 2017 artean emandako sei mailegurekin (2.600.000 euro).
Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoak auzibidea ireki dio Manu Ayerdi Nafarroako Ekonomiaren Garapenerako kontseilariari, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Ikertzen ari diren gertakariek zerikusia dute Davalor enpresari 2015 eta 2017 artean emandako sei mailegurekin (2.600.000 euro). Garai hartan, Ekonomiaren Garapenerako kontseilari ez ezik, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde ere bazen.
Gorenak ohar bidez jakinarazi duenez, lehen balorazioaren arabera, delitu zantzuak egon daitezke UPNk aurkeztutako kereilan deskribatzen diren egitateetan.
Hori dela eta, fiskalarekin bat eginez, Manu Ayerdi foruduna epaitzeko eskumena duela aldarrikatu eta haren aurkako auzibide penala abiatu du Auzitegi Gorenak. Halaber, Andres Palomo del Arco magistratuari eman dio ikerketaren ardura.
UPNk ekainaren 2an aurkeztu zuen Manu Ayerdiren aurkako salaketa. Testu horretan irakur daitekeenez, aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuko presidenteorde zenak milioi bat euroko mailegua eman zion Davalor enpresari, nahiz eta salaketaren arabera, enpresak ez zituen baldintzak betetzen eta egoera ekonomiko larria zuen.
Salatzaileek gaineratzen dutenez, Manu Ayerdik ez zuen aurreko mailegua aldez aurretik ordaintzeko eskatu eta gainera bost mailegu berri esleitu zituen.
UPNren arabera, Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainean Davalorren proiektua "Foru interesekotzat" jo zuen, eta horrek finantza laguntza presazko prozeduraren bidez tramitatzea ahalbidetu zion. Halaber, Nafarroako Parlamentuak ez zion berariazko baimenik eman mailegua emateko.
Navarra Sumak Ayerdiren dimisioa eskatu du
Javier Esparza Navarra Sumako (NA+) bozeramaileak Manu Ayerdi kontseilaria kargutik kentzeko eskatu dio Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteari. Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten gainerako alderdiek, ostera, epaitegiaren erabakiarekiko errespetua adierazi dute, baina ez dute uste behin betiko urratsa denik.