14:26

Politika

Alderdi Popularra

"Konstituzioaren aurkako operazio" bat zuzentzea egotzi dio Iturgaizek PSOEri

Agentziak | Erredakzioa

"ETA txalotzen dutenekin proiektu politikoa partekatzen du gaur Espainiako Gobernuak, Espainia heriotza, atsekabe eta odolarekin busti zutenekin", salatu du Euskadiko PPren presidenteak.

  • Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidentea Gasteizen. Argazkia: EFE

    Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidentea Gasteizen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Ordena konstituzionala desegiteko operazio" bat bultzatzea leporatu die Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak PSOEri eta "bere bazkide independentistei". "Estatutuarekin kontrajarri, aplikatu barik aldatu edo ezabatu nahi dutenen" aurrean, Konstituzioa defendatzera deitu du Alderdi Popularreko buruzagiak.

Alderdi Popularrak ekitaldia antolatu du Gasteizen, Konstituzioaren 42. urteurrena ospatzeko. PPko kargudun publikoek Konstituzioaren zatiak irakurri dituzte, eta legediaren indarra aldarrikatu dute.

Iturgaizen ahotan, Podemos, EH Bildu, PSOE eta EAJk osatzen duten “ezker muturreko aliantza populistak Konstituzioa eta lurralde antolakuntza desegiteko” helburua du Espainian zein Euskadin. EAEn, sozialistak eta EAJ “Konstituzioa eta Estatutua ordezkatzetik oso urrun daude”, erantsi duenez.

Sozialistak eta EAJ "Konstituzioa eta Estatutua ordezkatzetik oso urrun daude"

Euskadin alternatiba konstituzional bakarra gaur Alderdi Popularra dela defendatu du Iturgaizek. “Estatutuarekin kontrajarri, lurralde honetan guztiz aplikatu gabe aldatzeko presa” eta “ezabatu” nahi dutenen aurrean, Konstituzioa defendatzeko deia egin du PPko agintariak.

“ETA txalotzen dutenekin proiektu politikoa partekatzen du gaur Espainiako Gobernuak, Espainia heriotza, atsekabe eta odolarekin busti zutenekin. Sanchez-Iglesias bikoteak, Bildurekin eta EAJrekin batera, Konstituzio, Estatutu eta Espainiaren aurkakoa ordezkatzen du”, salatu du Euskadiko PPren presidenteak.

Konstituzioak, “askatasunak eta elkarbizitzak guztia eta guztiak garaitu zituzten”, azpimarratu duenez, eta “sektarismo eta estremismo barik” defendatu behar dira, “78 balioak” bere eginez: “bizikidetza, akordioa eta ondasun komuna”.

“Ordena konstituzionala akabatu nahi dutenen aurrean, Euskadiko PPk erregeari, ordena konstituzionalari eta Gernikako Estatutuari leial izaten jarraituko du, gure askatasunaren eta etorkizuneko elkarbizitzaren berme direlako”, adierazi du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena