Politika
Katalunia
EITB.EUS
Kataluniako Gobernuak hartutako neurria "goizegi" etorri dela uste du Auzitegiak. Era berean, presoek lanera joateko espetxetik ateratzeko zuten baimena ere bertan behera utzi du Auzitegiak.
"Proces" auzia epaitu zuten magistratuak. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Kataluniako Gobernuak "proces" auziko bederatzi zigortuei emandako hirugarren gradua, neurria "goizegi" etorri dela ebatzita.
Auzia epaitu zuen aretoak bederatzi auto kaleratu ditu gaur neurriak atzera botatzeko. Argudiatu duenez, "denbora gehiago" behar da presoaren eta espetxe trataeraren bilakaera baloratzeko. Izan ere, zigor handiak ezarri zaizkie guztiei (9-13 urtekoak) eta batek ere ez du oraindik ez erdia ez laurdena bete. Ondorioz, Auzitegiak ontzat eman ditu Fiskaltzak aurkeztutako helegiteak, eta presoek bigarren graduan jarraitu beharko dute.
Hirugarren gradua ezeztatzeaz gain, espetxe araudiaren 100.2 artikuluak aitortutako erregimen malgua ere baztertu du Auzitegiak. Horri esker, lanera edo boluntario lanak egitera ateratzen ziren buruzagi independentistak. Auzitegiak erabakia justifikatzeko esan duenez, "ez da inongo aldaketarik atzeman" presoak birgizarteratzeko prozesuan. Hori horrela, Carme Forcadelli erregimen hori ukatzeko erabilitako argudio berak erabili dituzte epaileek oraingo honetan ere.
Autoen arabera, zigorraren laurdena bete ez duen preso bati hirugarren gradua ematea (Jordi Cuixart, Jordi Sanchez eta Joaquim Forn ez beste guztien kasua) salbuespen neurria da, eta "logikoki indartutako justifikazio bat behar du". Kasu honetan ez dela halakorik egon berretsi dute magistratuek.
Manuel Marchenak zuzendutako epaimahaiak behin baino gehiagotan azpimarratu duen ideia jaso du autoetan: buruzagi independentistak sedizioagatik zigortu zituzten eta ez "Kataluniako independentzia nahi izateagatik edo ideologia independentista izateagatik". Gorenaren arabera, "inor ez dago kartzelan bere ideia politikoengatik", eta erantsi duenez, "asmoa ez da presoek beren iritzi politikoei muzin egitea".
Bestalde, Gorenak estu hartu ditu Kataluniako espetxe administrazioek hartutako hainbat erabaki: "Malgutasun printzipioak (…), presoa birgizarteratzerako hain garrantzitsu denak, ez ditu espetxeetako tratamendu batzordeak funtzionarioen desadostasunak zuzentzeko azken auzialdi bihurtzen (…) Era berean, ezin da preso bat justifikaziorik gabe kartzelaz aldatu, erabakia Espetxe Zaintzako epailearen eskumena zuzentzeko bada".
Ildo horretan, magistratu horien arabera, espetxeetako tratamendu batzordeak ez dira epaile eta auzitegien erabakia "justuago egiteko hirugarren auzialdi bitxi bat".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa