16:30

Politika

Estatuko Aurrekontuak

PSOE-Unidas Podemos Gobernuaren lehen aurrekontuak onartu ditu Kongresuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aurrekontuak 189 diputaturen babesa jaso du, tartean ERC, EH Bildu eta EAJko ordezkariena. Tramitazioak Senatuan jarraituko du orain.

  • Pedro Sanchez, Carmen Calvo eta Pablo Iglesias Kongresuan txaloka.

    Pedro Sanchez, Carmen Calvo eta Pablo Iglesias Kongresuan txaloka. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kongresuak 2021erako Estatuko aurrekontuak onartu ditu ostegun honetan. PSOE eta Unidas Podemosen koalizio-gobernuaren lehendabiziko aurrekontuak dira. Egitasmoak 11 talderen babesa jaso du, hots, Beheko Ganberaren % 54ak eman du aldeko botoa.

Espainiako Konstituzioa onartu zenetik, lehen aldia da Estatuko aurrekontuak hainbeste talde politikoren babesa lortzen duela.

PSOE eta Unidas Podemosen aurrekontu-proiektua ondoko taldeen oniritzia jaso du: ERC, EAJ, EH Bildu, PDeCAT, Mas Pais-Equo, Compromis, Teruel Existe, Nueva Canarias eta Kantabriako Alderdi Erregionalista.

Kontra bozkatu dute Alderdi Popularrak, Voxek, Ciudadanosek, UPNk, Foro Asturiasek, Colicion Canariak, CUPek eta BNGk.

Guztira, 342 parlamentarik hartu dute parte bozketan. 188 baiezko eta 154 ezezko izan dira. Tramitazioak Senatuan jarraituko du orain.

Lege-proiektua Senatura eramango dute datorren astean, tramitazioarekin aurrera jarraitzeko. Bozketa abenduaren 23an egingo dute, eta litekeena da 29an berriro Kongresura bueltatzea. Ezustekorik ez bada, urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Alderdi Popularraren Gobernuak 2018an eginda zuen aurrekontua luzatu dute azken bi urteotan.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak esan du ez duela uste egitasmoan aldatuko dutenik Senatuan, baina zuzenketarik aurkeztuz gero, Gobernuak aztertu egingo duela agindu du.

Horrez gain, pozik agertu da Kongresuak aurrekontua onartu duelako eta aldeko botoa eman duten hamaika alderdiei eskerrak eman dizkie, eta ERC eta EH Bilduren babesa "oso garrantzitsutzat" jo du.

Aurrekontua babestu duten taldeekin elkarlana "sendotu" nahi dutela esan du, baina, aldi berean, gehiengo horretara alderdi gehiago batzea nahiko luketela erantsi du, Ciudadanosi aipu eginez.

Aurrerantzean akordioak bilatzerakoan ERCk eta EH Bilduk Espainiako Gobernuarentzat lehentasuna izango ote duten galdetuta, ez du halakorik baieztatu nahi izan eta Pedro Sanchezen Exekutiboarentzat EAJk duela lehentasuna esan du, "Gobernuak bultzatzen dituen ia proiektu guztiak onartzen dituelako".  

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena