Politika
Aurrekontu orokorrak
agentziak | erredakzioa
"ERCk eta EH Bilduk agenda autoritarioari galga jartzea eta gure herri eta langileentzat eskubideak irabaztea bilatzen dugu", azpimarratu du Arnaldo Otegik.
Vilalta eta Otegi, gaurko prentsaurreko telematikoan. Argazkia: Efe
Arnaldo Otegi EH Bilduren buruak eta Marta Vilalta ERCren bozeramaileak azaldu dute "ultraeskuinari galga" jartzeko, "eskubideak irabazteko" eta "“Estatuaren lurralde arazoari eta erabakitzeko eskubideari irtenbide bat emateko beharra mahai gainean jartzeko" babestuko dituztela Estatuko aurrekontu orokorrak.
Otegik eta Vilaltak prentsaurreko telematiko bateratua eman dute aurrekontuei emango dieten babesa azaltzeko, eta azpimarratu dute aurrekontuen eztabaida "testuinguru zailean" gertatzen ari dela.
EH Bilduren koordinatzaile nagusiak uste du "egoera sozial eta ekonomikoaren zailtasuna, egoera politikoa, eta Estatuan autoritarismora itzultzeko benetako arriskua, nahikoa arrazoi" direla kontu publikoetan "aldeko botoa emateko".
"ERCk eta EH Bilduk autoritarismoaren agenda gelditu nahi dugu, eta eskubideak lortu gure herrientzat eta langileentzat", adierazi du Otegik, eztabaidagaia Estatuak "datozen hilabete eta urteetan" izango duen "norabide politikoa" dela azpimarratu aurretik.
Gogorarazi dute bi alderdiek 18 diputatu eta 13 senatari dituztela, eta horiei esker, "mahai gainean" jarriko dutela "Estatuaren lurraldetasun arazoari irtenbidea emateko beharra, nazioaniztasunean eta herrien erabakitzeko eskubidean oinarrituta".
Bestalde, ERCk zerga harmonizazioan urratsak egiteko egin duen proposamena izan du hizpide Otegik, eta ukatu egin du kontzertu ekonomikoarekin zerikusia duenik, "Madrilgo zerga 'dumping-a'"z eta "justizia ekonomikoaz eta sozialaz" eztabaidatzea duelako helburu.
Vilaltak, bere aldetik, adierazi du herritarrek EH Bilduri eta ERCri hauteskundeetan emandako babesak "esperantza" sortzen duela, "herriei askatasuna" emateko eta "faxismoa gelditzeko".
ERCren bozeramaileak "herritarren egunerokoa hobetzeko euskal eta kataluniar errepubliketara bidean pausoak ematearen alde aurrerapausoak" ematearen aldeko apustua egin du, eta berretsi du helburu horiek nahitaez "elkarrekin" joan behar direla.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa