20:31

Politika

Aurrekontuak

Espainiako aurrekontuak onartzea babestu du EH Bilduren oinarriak

EITB.EUS

Koalizio soberanistaren Mahai Politikoak PSOE eta Unidas Podemosen egitasmoa babestea proposatu zuen eta militanteen % 91,5ek erabaki horren alde egin dute.

2:21
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak onartuko ditu. Koalizio soberanistaren Mahai Politikoak egitasmoa babestea proposatu zuen astelehenean eta gaur arratsaldean egindako barne-bozketan militanteen % 91,5ek erabakia berretsi dute.

EH Bilduk ezohiko batzar nagusia egin du arratsaldean, telematikoki, eta ondoko galdera egin die militanteei: "Ados zaude EH Bilduk Espainiako Diputatuen Kongresuan dituen bost diputatuek PSOE-Podemosen Gobernuaren aurrekontuei baiezko botoa ematearekin?".

Militanteen % 91,5ek baietz erantzun dute, eta % 5,6k ezetz; % 2,9k, berriz, boto zuria eman dute. Guztira, 1.588 lagunek hartu dute parte.   

Gauzak horrela, ezker soberanistak estrategia aldaketa berretsi du, lehendabiziko aldiz Espainiako Aurrekontuak babestuko baititu.

Batzarra amaituta, EH Bildutik adierazi dute pozik daudela oinarriaren gehiengo zabalak Mahai Politikoaren proposamena onartu duelako. "Agente proaktiboak izateko borondatea dugu, eskubide sozialak bermatzea eta eskuina geldiaraztea dira gure helburuak", berretsi dute.

Batzarra "normaltasunez" egin dela eta militanteek bere iritzia eta botoa askatasunez emateko aukera izan dutela azpimarratu dute. "Barne ariketa demokratikoa izan da", erantsi dute.

Halaber, EH Bilduko agintariek parte-hartzea "handia" izan dela eta “ezker soberanista batuta eta indartsu” dagoela nabarmendu dute.

Joan den astelehenean, Arnaldo Otegik esan zuen Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioak aukera berri bat sortu zuela eta "leiho hori irekita" mantendu nahi dutela Estatuko Aurrekontuak babestuta.

Gainera, EH Bilduk uste du PSOE eta Unidas Podemosen Gobernuak "urrats txiki batzuk" eman dituela politika sozialak bultzatzerakoan, gatazka-politikoak konpontzeari eta espetxe-politikaren aldaketari dagokionez.   

Bestalde, Hego Euskal Herrirako 67 milioi euroko inbertsioak adostu ditu EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin, besteak beste, aeronautika sektoreari laguntzeko, trenbide azpiegiturak berritzeko eta Nafarroa Ekialdeko Pirinioetako ekonomia suspertzeko.

Horrez gain, koalizio soberanistak, ERCk eta Unidas Podemosek pandemia garaian etxegabetzeak gelditzeko proposamena onartu du Pedro Sanchezen Gobernuak.  

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena