23:46

Politika

Presoak

Frantziako Fiskaltzak Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindua errefusatzea eskatu du

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako justiziak aurkeztutako probak "biziatuta" egon daitezkeela uste du, tortura salaketak direla eta.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Frantziako Fiskaltzak Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindua atzera botatzeko eskatu du. Donostiako Justizia Jauregiaren aurka egindako atentatu batengatik eskatzen dute Sorzabal Espainiaratzea, baina Fiskaltzak uste du Espainiako justiziak aurkeztutako frogak "biziatuta" daudela, tortura salaketak tarteko.

Parisko Apelazio Auzitegiko instrukzio aretoko fiskalak esan du "zentzuzkoa dela zalantzak" egotea froga horien inguruan, 2001ean Guardia Zibilak torturatu egin zuela salatu zuelako Sorzabalek.

Sorzabalek adierazi zuen torturapean aitortu zuela atentatuan parte hartu izana. 15 eta 20 urte arteko zigorra eska dezakete eraso harengatik, kalte terroristak egotzita.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Frantziako Fiskaltzari azaldu zion ETAko kideak tortura salaketa egin behar zuela, baina ez zuela izapide horren bestelako berririk. Era berean, Auzitegi Nazionalak Fiskaltza frantsesari gogorarazi zion Sorzabal zigortzeko beste froga bat ere badagoela, ETAren etxebizitza batean 2002an aurkitutako eskuizkribu bat hain zuzen ere.

Fiskalaren arabera, hala ere, eskuizkribu horren froga izaera "biziatuta" dago, zeren bertan ETAko kideak 2001ean jasan zituen tratu txarrak aipatzen zituen, eta deklarazioa torturapean egin zuela.

Defentsari dagokionez, Xantiana Cachenaut abokatuak eskertu egin du Ministerio Publikoaren "analisia", eta "ezinbesteko" jo du instrukzio aretoak gaia Europar Batasuneko Justizia Auzitegira bidaltzea, eskuizkribuak etorkizunean ez dezan balio Espainian beste delitu batzuk leporatzeko.

Instrukzio aretoak abenduaren 16an eman beharko du ebazpena.

Sorzabal 2015ean atxilotu zuten Ipar Euskal Herrian, eta 2023ra arteko zigorra betetzen ari da Frantziako Estatuan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena