Politika
NAFARROAKO AURREKONTUAK
EITB.EUS
Bakartxo Ruizek eta Adolfo Araizek azpimarratu dutenez, "justizia soziala eta inbertsio publikoa lehenetsi dira" eta "Navarra Sumak ez du ez aurrekontua ez akordioa baldintzatzea lortu".
Adolfo Araiz, aurrekontuen akordioa azaltzeko agerraldian. Youtubeko zuzenekotik hartutako irudia.
Goizeko lehen orduan iragarri du Nafarroako Gobernuak 2021eko aurrekontuen inguruko akordioa lortu duela EH Bildurekin. Ondoren, 11:30ean, telematikoki eman du bere balorazioaren berri Nafarroako EH Bilduk. "Pozik gaude espero genuen baino dokumentu hobea atera delako, baita hemen eskuinak ez duelako gaitasunik izan, eta ez duelako izango, egoera politikoa baldintzatzeko" adierazi du Adolfo Araiz Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren bozeramaileak.
Bakartxo Ruiz EH Bilduren Nafarroako bozeramaileak azaldu ditu lehenbizi akordioan gakoak, eta hasteko, "akordioaren balio politikoa" azpimarratu nahi izan du, "Navarra Sumak ez du lortu aurrekontuak eta akordioa baldintzatzea, modu desesperatuan saiatu den arren betoa eta bazterkeria aldarrikatzen".
Hala, ezkerreko ikuspegia duen akordioa gailendu dela aldarrikatu du Ruizek: "Bi eredu daude. Batetik, Navarra Sumaren eredua, eta oraindik fresko daukagu nola erantzun zion eskuinak 2008ko krisiari, sektore pribilejiatuak babestuz eta arlo publikoa arlo pribatuaren subsidiario bihurtuz. Eta beste eredua, justizia soziala eta inbertsio publikoa lehenesten dituena. Eredu honen baitan kokatzen saiatu gara Nafarroako Gobernua eta, zorionez, nafar gobernua ez da sartu Navarra Sumak planteatu duen joko zikinean. Horiek ez dute ez Nafarroarentzat ezta nafarrentzat proiekturik, bere diskurtso zaharkitu eta obsesioetatik haratago."
Akordioa "hainbat konpromiso konpartitutan oinarritzen" dela adierazi du, "ildo nagusiak partekatzen ditugu". "Gure lehentasunak argiak izan dira: momentu honetan ezinbestekoa zen osasun krisiari aurre egitea eta baita gainean dugun krisi sozial eta ekonomikoari ere. Eta hori sektore publikoa indartuz, murrizketarik gabe, defendatu dugu".
Desadostasunak ere izan dituztela aitortu du,"arlo fiskalean", adibidez, eta EH Bilduk "hasieratik egin balitu, ezberdinak izango liratekela" onartu arren, adostasunak lehenesten saiatu direla nabarmendu du. Era berean, aurrekontu hauek ez direla "ezeren amaiera" gaineratu du, "bidean urrats bat gehiago dira, eta jakinda, bide luzea daukagula aurretik zebitzu publiko unibertsalak izateko. Lanean jarraitu beharra daukagu".
Ildo berean hitz egin du Adolfo Araizek ere: "Elkarrizketak luzeak izan dira, eta azkenean, pertsonak eta euren beharreak erdigunean jartzea lortu dugu". Krisiari parametro sozialetan egin behar zaiola aurre nabarmendu du, "murrizketarik ezin dela egon eta aurrekontuak handitu" egin behar direla, eta alde horretatik, "datozen urteetarako politika publikoen norabidea finkatu" dutela uste du.
Aurrekontuetan zerbitzu publikoak indartzeko igoerak adostu dituztela azaldu du, eta igoera horiek hiru arlotan izango direla bereziki: Osasun departamentuan, Hezkuntza departamentuan eta Eskubide Sozialen departamentuan.
Une honetan fiskalitateak nolakoa beharko zukeenaren inguruan "desadostasuna" egon dela ere berretsi du baina krisia igarotakoan "zerga politika birpentsatzeko konpromisoa" lortu dutela nabarmendu du, eta bien bitartean, iruzur fiskalari aurre egiteko zenbait neurri adostu dituztela ere goraipatu du.
Lehen arretan, interbentzio sozialean, kulturan, pentsioetan, 0-3 urte arteko zikloan, admnistrazio lokaletan...2021eko aurrekontuak arlo horietara denetara diru gehiago ekarriko duela ikusita, gustura agertu da Araiz: "Pozik gaude eta espero genuen baino dokumentu hobea atera da".
Hori bai,fiskalitatean izan dituzten desadostasunak direla eta, aurrekontuen onarpena abstentzio bidez ahalbidetuko dutela argitu du eta osoko zuzenketarik balego, atzera botako luketela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa