11:43

Politika

NAFARROAKO AURREKONTUAK

EAEko alderdi guztiek, PP+Cs-ek izan ezik, begi onez ikusi dute Nafarroako akordioa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Laura Garrido PP+Cs taldeko legebiltzarkidearen arabera, Nafarroan eta Madrilen aurrekontuen inguruan itxitako itunen atzean, presoen hurbilketarekin lotutako akordioa dago.

  • Radio Euskadi, Bilbo.

    Radio Euskadi, Bilbo, gaur. Argazkia: EITB.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi gehienek begi onez ikusi dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk 2021eko aurrekontuen inguruan itxi duten akordioa. PP+Cs taldea izan da ituna kritikatu duen bakarra, Radio Euskadiko solasaldi politikoan.

Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzalearen aburuz, akordioa "ez da ezustekoa" izan EAJrentzat, EH Bilduk Espainiako aurrekontu orokorrak babestea izango ez  den bezala, eta "ondo" iruditzen zaiola esan du.  Horren iritzian,  ezker abertzaleko koalizioarentzat lehentasunezkoa da "iraganean egindako hainbat akatsen ondorioak" kudeatzea, tartean kartzela politikaren ondorioak, eta horregatik, "PSOEren ondoan" egongo da. 

Madrilen eta Nafarroan aurrekontuak babesten dituzten bitartean, EAEn akordiorako borondaterik ez erakustea egotzi dio Arrizabalagak EH Bilduri. "Zer dela eta mantentzen duen EH Bilduk hain jarrera oldarkorra Jaurlaritzarekiko eta EAJrekiko, hori da ez duguna ulertzen. Hori justifikatzeko darabilten diskurtsoa, ezkerra vs eskuina, ere ulergaitza da.  Beraiek ezkerra izango dira, baina gu ez gara eskuina", gaineratu du.

Ildo beretik mintzatu da Ekain Rico PSE-EEko kidea ere. "Aurrekontu aurrerakoiak" aurrera ateratzeko Nafarroan egindako ahalegina txalotu du, baina EAEn jarrera hori bera erakusteko eskatu dio koalizio abertzaleari. "Berri oso ona da Nafarroako herritarrentzat, eta Euskadin ere EH Bilduk espiritu hori izatea gustatuko litzaidake", gaineratu du.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, Arrizabalagari erantzunez esan du aurrekontuak negoziatzerakoan "aurrekontua bera eta testuingurua" hartu behar direla kontuan. EAJk elkarrizketaren aldeko mezuak bota bai, baina praktikan ezer ez duela negoziatzen esan du Casanovak.

"Gainera, jakin badakigu Nafarroan eta Estatu Espainolean egoera oso delikatuan daudela, ez dute gehiengorik eta alternatiba ultraeskuina da. Arduragatik eta erantzukizunagatik erabaki dugu ahalegin bat egitea", zehaztu du.

Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek ere esan du gobernu bakoitzaren baldintzak eta ezaugarriak kontuan hartzea beharrezkoa dela aurrekontuen negoziaketetan, eta Nafarroan eta Estatuan, bietan, ezkerreko politiken aldeko apostua garbia dela.

Azkenik, Laura Garrido PP+Cs taldeko legebiltzarkidearen arabera, Nafarroan eta Madrilen aurrekontuen inguruan itxitako itunen atzean, presoen hurbilketarekin lotutako akordioa dago.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena