Politika
ELKARRIZKETA
EH Bilduk Espainiako aurrekontu proiektua babestuko du
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
EH Bilduko koordinatzaileak iragarri duenez, koalizioak baiezko botoa emango du, baldin eta bozketa egin bitartean ezustekorik ez badago.
EH Bilduk 2021eko Espainiako Aurrekontuak babestuko ditu, baldin eta Diputatuen Kongresuan bozketa egiten den bitartean "ezustekorik" ez baldin badago. Koalizioaren baiezko botoa iragarri du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.
Otegiren esanetan, Espainiako Gobernuarekin hartu-eman "handia" dutelako eta "nahikoa aurreratu delako" hartu dute erabakia. Gaineratu duenez, harremana "fluidoa" da bi aldeen artean, "bilera publikoekin eta pribatuekin".
Espainiako Aurrekontuetan "Estatuaren orientazio politikoa jokoan" dagoela azaldu du Otegik. Haren esanetan, "Espainiako Gobernuak jarrera harkorra du" EH Bildutik egiten dituzten proposamenak aztertzeko. Ondorioz, eta "ezustekorik ezean", Estatuko Aurrekontuak onartzea erraztuko du EH Bilduk.
Nafarroako Aurrekontuen inguruan galdetuta adierazi duenez, "akordioa ez dago oraindik itxita", baina Aurrekontuak "hobetzeko jarrera arduratsua" izaten jarraitzen dute.
Egoera bestelakoa da, ordea, EAEn. Otegiren hitzetan, ez dute "apenas" harremanik eta horrek "gauzak zailtzen ditu". Halaber, EH Bildu Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren alderdia izateak "exijentzia maila handiagoa izatea" dakarrela nabarmendu du. Ildo horretan, gauzak "beste era batera egitea" eskatu du.
Bestalde Otegik ziurtatu du ez direla inoiz elkarrizketa bideak hautsi PSOErekin, Podemosekin eta EAJrekin: "mundu guztiarekin hitz egiten dugu". Oraindik ere harritzen den jendea baldin badago ere, "Bizitza osoa Alderdi Sozialistarekin hitz egiten" daramanaren ustea du.
COVID-19arekin lotuta Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurri murriztaileen inguruan kritiko mintzatu da. "Herritarren mugikortasuna mugatzea eta ostalaritza ixtea doan atera zaie", salatu du. Txina edota Zeelanda Berria jarri ditu eredu gisa, "birusarekin elkarbizitzea baino birusarekin amaitzea" erabaki dutelako.
Memoriaren Eguna izan da beste hizketagaietako bat, eta sektore batzuetatik "errelatoa inposatzen saiatzen" direla esan du. Gaineratu duenez, ez du inoren errelatoa ukatuko, baina "errelato guztiak errespetatu behar dira". "Egia guztiak, errelato guztiak, sufrimendu guztiak eta memoria guztiak gehitu behar dira", zehaztu du.
Iñaki Bilbao ETAko presoak independentziaren alde egin duen gose grebaren aurrean Sortuk izan duen erreakzioa "orokorrean" partekatzen duela esan du Otegik. Garrantzitsuena da, bere ustez, "bere bizitza arriskuan jartzen ari den preso politiko baten egoera larri baten aurrean gaudela, eta hori guztioi interesatzen zaigu termino humanoetan, etikoetan eta politikoetan". Hala ere, presoak planteatzen dituen "jarrera ideologikoekiko oso urrun" dagoela azaldu du. "Ez nator bat egin duen ekintzarekin", gaineratu du.
Espetxe politikan izandako mugimenduen eta presoen gerturatzeen harira, "berandu" datozela eta nahikoak ez direla iritzi dio Otegik. Ildo horretan, dispertsioa mantentzeak ez duela zentzurik gehitu du.
Presoei egindako harrerek terrorismoaren biktimen artean sortzen duen ezinegonaz galdetuta, ez du uste herriak bere bizilagunari harrera egiteak inor berriro ere biktima egiten duenik. Horren harira galdetu du urriaren 12an agintariak Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera joaten direnean toki horretan bertan torturatuak berriro ere biktima bihurtzen ote diren.
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du