14:32

Politika

ETAren biktima

Martin Gonzalez sarjentuaren omenezko plaka jarri du Donostiako Udalak

Agentziak | Erredakzioa

Eneko Goia alkateak esan duenez, plaka hori jartzea "terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen memoria gordetzeko bidean beste pausu bat da".

  • Miguel Francisco Martin Gonzalez Polizia Armatuaren omenezko plaka.

    Miguel Francisco Martin Gonzalez Polizia Armatuaren omenezko plaka. Irudia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donostiako Udalak ETAk 1978an hil zuen Miguel Francisco Martin Gonzalez Polizia Armatuaren sarjentuaren omenezko plaka bat jarri du. Udalak Gipuzkoako hiriburuan jartzen duen zortzigarren plaka izan da, espazio publikoan indarkeria desberdinen biktima diren pertsonei ikusgarritasuna emateko iniziatibaren barruan.

Ekitaldia Bidebieta auzoan egin dute. Beste aldietan bezala, omenaldi xumea egin dute, lore eskaintza batekin, eta bertan izan dira Eneko Goia alkatea eta Udalaren beste talde batzuk.

Goiak esan duenez, plaka hori jartzea "bizitza modu bidegabean galdu zuten terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen memoria, egiarako eskubidea, justizia, erreparazio morala eta duintasuna gordetzeko bidean beste urrats bat da".

Alkateak azaldu du familiaren "nahia" izan dela plaka hartzea. Alabaina, ezin izan da bertan egon, "alarguna adinekoa delako eta hemendik urrun bizi delako". "Baina berak jartzeko asmoa adierazi zuen, eta AVTk ordezkatua izatea, eta horrela izan da", esan du.

Miguel Francisco Martin Gonzalez 41 urterekin hil zuen ETAk, 1978ko ekainaren 27an. Polizia Armatuaren ibilgailua tirokatu zuten. Barruan zaurituak izan ziren beste hiru lankide zihoazen.

Beste plakak

Beste hildako batzuen omenez ere jarri dira plakak, horiek hil zituzten tokietan. Honakoak dira: ETAk hildako Juan Maria Araluce, Jose Maria Elicegui Diez, Antonio Palomo Perez, Lusi Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez eta DRILek hildako Begoña Urroz Ibarrola.

Gainera, aurreko legealdian beste plaka batzuk jarri ziren, Mikel Zabalza eta Angel Portugalen omenez, ETAk hil zuen Alfonso Morcilloren omenez, eta Batallon Vasco Españolek hil zuen Tomas Alba zinegotziaren omenez.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena