Politika
Elkarrizketa Radio Euskadin
Radio Euskadi | Erredakzioa
Lehendakariaren arabera, asteazkenera edo ostegunera arte itxaron beharko da "neurrien lehen 10 egunen emaitzak aztertzeko". "Aukera guztiak ditugu mahai gainean", aitortu du.
Albisteak (3)
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du koronabirusaren hedatzea geldiarazten saiatzeko hartutako azken neurriek izan dituzten emaitzen zain egon behar direla neurri berriak hartzeko, eta asteazkenera eta ostegunera arte (orduan bilduko da lurralde arteko batzordea) itxarongo dutela adierazi du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Urkulluk ez du baztertu etxeko konfinamendua: "Neurri guztiak aztertzen ari gara. Dena dela, orain halakorik iragartzen badut, alarma gisa ulertuko da, etxeko konfinamendua etorriko dela".
Lehendakariak gogorarazi duenez, egun indarrean dagoen alarma egoeraren dekretuak ez du aurreikusten erkidegoek erabateko isolamendua ezartzeko aukera, eta erantsi du halako muturreko neurri batek "eragina" izan lukeela ekonomian eta "aurrekontuetan moldaketak" egin beharko liratekeela; dena dena, "murrizketak" baztertu ditu.
Hori horrela, etxeko konfinamendua ezarri baino lehen "osasuna eta ekonomia babesteko" beste neurri batzuk har daitezkeela nabarmendu du, hala nola, etxeratze aginduaren ordua aurreratzea edo "ezinbestekoak ez diren jarduera ekonomikoak ordu jakin batean etetea". Urkulluren iritzian, "egoera kezkagarri honetan ditugun baliabideak aztertu behar ditugu".
Erietxeetan den presioari dagokionez, lehendakariak argitu du ZIUetan 97 ohe dituztela beteta eta ondorioztatu du "sarea" badagoela, "egoera latzago bati aurre egiteko prest" dagoela Euskadi.
Lehendakariak adierazi du Europan hartzen ari diren neurriak aztertzen ari direla, "gurean ezar daitezkeen ereduak ikusten". Horren ildoan esan du beste jarduera batzuk bertan behera geratu arren, aurrez aurreko hezkuntzari eutsi ahal zaiola.
Osakidetzako egoera
Osakidetzako sindikatuek egindako kritika eta aldarrikapenei erantzunez, datuak plazaratu ditu Urkulluk. Zehaztu duenez, iazko datuekin alderatuta, Euskal Osasun Sistemaren langileria % 8,3 hazi da, eta gaur gaurkoz 38.000 behargin daude. "Koronabirusaren lehen olatuan baino hobeto prestatuta gaude", erantsi du, baina gogorarazi du aurrekontuak ez direla "mugagabeak". Horren harira, argitu du 340 milioi euro bideratu dituztela COVID-19ak eragindako osasun gastuetara.
"Pandemia honek luze joko du, berarekin bizitzen jakin behar dugu", azpimarratu du. Urkulluren ustez, lehen olatuaren ostean "gehiegi erlaxatu ginen bai modu indibidualean zein kolektiboan".
Ostegunean zein asteburuan izandako istiluak ere hizpide hartu ditu lehendakariak. Ostiralean "terrorismotzat" jo zituen, baina gaur zehaztu du ez zela "zigor kodearen interpretazioaz" ari, bere asmoa gertatutakoaren larria azpimarratzea zela. Istiluon atzean nortzuk dauden galdetuta, Urkulluk argitu du "estrategiak" badaudela eta ikerketa zabalik dagoela, baina aipatu du "eskuin muturreko, eta mugimendu antisistemako eta muturreko ezker mugimenduetako" jendea dagoela gertakariekin lotuta.
____________________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa