17:39

Politika

BILERA ERRONDA

Lehendakaria lehen alderdiekin bildu da bere bilera-sortaren barruan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Carlos Iturgaizek (PP+Cs) "elkarrekin lan egitea" eskaini dio Urkulluri, eta Amaia Martinezek (Vox) "benetako informazioa" eskatu dio.

1:33
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur, asteartea, hasi du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin bilera erronda, legegintzaldi honetako gai nagusiak jorratzeko. Pandemiak eragindako krisi sanitario eta ekonomikoak garrantzi berezia izango du elkartze horietan.

Elkarrizketak ordezkaritza txikienetik handienerako hurrenkeran egingo direnez, lehen hitzordua Amaia Martinez Voxekin izan du, goizean. 13:00etan, berriz, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidente eta PP+Cs koalizioko legebiltzarkidearekin bildu da.

Lau hilean behin

Iñigo Urkullu lehendakariak espero du astearte honetan Euskadiko alderdi politiko nagusiekin hasitako aldebiko bilera sorta lau hilean behin errepikatzea, oposizioarekin "harreman esparru" egonkorra osatzeko, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez.

Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean, Zupiriak esan du bilera horien helburua Eusko Legebiltzarrean dagoen elkarrizketarako bide gehigarri bat ezartzea dela, hamabostean behin egiten diren kontrol-saioez gain.

Jaurlaritzaren bozeramaileak gogorarazi duenez, Jaurlaritza 2021erako aurrekontu proiektua onartzeko puntuan dago, eta lehendakariak "harreman esparru" bat eskaini nahi die Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei, besteak beste, datorren urterako aurrekontuak eta legealdiko erronka nagusiak jorratzeko.

Iturgaizek elkarrekin lan egitea eskaini du

Bere aldetik, Carlos Iturgaiz EAEko PPko eta PP+Cs talde parlamentarioko presidenteak “elkarrekin lan egitea” eskaini dio lehendakariari, pandemiari eta koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko.

Buruzagi ‘popularrak’ adierazi du egungo egoera “tragikoa”ren aurrean ez dagoela “kolorerik”, eta “elkarrekin” lan egin behar dela autonomoei, ostalariei eta dendariei laguntzeko.

Hori bai, PP+Cs taldearen marra gorria “indarkeria terrorista gaitzetsi gabe jarraitzen dutenekin akordioak sinatzea” dela. “Bildurekin ez dago ezer negoziatzeko alderdi demokratikoa izan arte”, gaineratu du.

Voxek "benetako informazioa" eskatu du

Bestalde, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak “benetako informazioa” ematea eskatu dio Urkulluri, eta neurriak “aditu mahai batean” erabaki behar direla erantsi du.

Era berean, parlamentari ultraeskuindarrak ohartarazi du “borroka” egingo duela ETAko kideen aldeko omenaldiak galarazteko eta ETB “euskal herritar guztientzako” telebista izan dadin.

Bihar, bilera gehiago

Joan den urriaren 16an, Urkulluk, Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran adierazi zuen azaroaren lehen hamabostaldian alderdiekin bilera sorta bat egiteko asmoa zuela, COVID-19ak markatutako legegintzaldiko erronka nagusiei erantzuteko "lankidetza prozesu eraginkorra" bultzatzeko.

Lehendakariak orduan azaldu zuenez, EAJk eta PSEk osatutako Eusko Jaurlaritzak bere programa Legebiltzarrera bidali, aurrekontuen gidalerroak onartu eta datozen lau urteetarako ekonomia suspertzeko programa hainbat eragilerekin kontrastatu ondoren izango ziren bilerok.

Sailburuek Legebiltzarrean legegintzaldirako jardunaren ildo nagusiak azaldu eta Gobernu Kontseiluak orain arte hartutako akordioak zeintzuk diren esan eta gero, Urkulluren ustez, "lanerako oinarri nahikoa, sendoa eta zehatza dago, legealdiaren ikuspegi zabalarekin lan-topaketa bat egiteko".

Hori dela eta, lehendakariak gutun bat bidali zien oposizioko taldeei, eta Exekutiboa osatzen duten alderdiei ere jakinarazi zien gaurtik aurrera alderdiekin bilerak egiteko asmoa zuela, ordezkaritza txikienetik handienera, hurrenez hurren.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena