17:00

Politika

Koronabirusa

Neurriak adosteko, EAEn eta Nafarroan mahai bana eratzea proposatu du EH Bilduk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kutsatzeak gelditzeko asmoz gobernuek hartutako neurriak eragile politiko, sozial eta ekonomikoekin adostuta egon behar direla uste du koalizio soberanistak.

  • Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia.

    Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriak adosteko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan mahai bana eratzea proposatu du EH Bilduk, eta foro horietan administrazioez gain, eragile politiko, sozial eta ekonomiko guztiek parte hartu beharko luketela azpimarratu du.  

Arnaldo Otegik agerraldia egin du Donostian koalizio soberanistak egin duen analisiaren berri emateko, eta esan du egoera "larri" honi ezin zaiola "bakarka" aurre egin, "ezta gehiengo absolutua izanda ere". Horregatik, bi erkidegoetan mahai bana sortzea ezinbestekotzat jo du, "denon artean metodo bat diseinatzeko, herri honen indar guztiak baliatuz eta zentzuz jokatuz, salbuespenezko larrialdi egoera honi aurre egiteko".

Helburua kutsatze kopurua jaistea izanik, "salbuespeneko neurriak hartzeko, estrategia bat definitzeko eta akordio handiak egiteko", datu errealak konpartitzea eta inplikatutako sektore guztiak elkarlanean aritzea oso garrantzitsua dela esan du. "Denon artean eraginkorragoak izango gara", azpimarratu du.  

Horrez gain, lehentasuna herritarren osasuna bermatzea dela esan du, "osasunik gabe ez dagoelako ekonomiarik", eta hainbat neurri zehatz aipatu ditu: mugikortasuna eta harreman sozialak murriztea; aztarnari kopurua boskoiztea; eta sektore kaltetuenei laguntzea, hala nola ostalariei eta dendariei.

Ildo berean, Osasun zerbitzuetan "langile gehiago kontratatzea" eskatu du eta "baheketa masiboak" egitearen alde agertu da.  

Otegik nabarmendu du EH Bilduren asmoa konponbidea bilatzea dela, eta ez errudunak seinalatzea. Alabaina, neurri asko berandu hartu direla eta azken urteetan osasun publikoan egindako "murrizketen ondorioak" orain pairatzen ari garela deitoratu du.  

Horrela, bada, herritarrei "egia osoa" esateko eta "irizpide argiak" emateko eskatu die gobernuei, "egoera larria delako eta litekeena baita datozen asteetan gehiago okertzea".

Amaitzeko, "benetako" politika egiteko eta, batez ere, aurrerantzean "gauzak beste modu batean egiteko" deia egin du Otegik, "egoera zailenetan ere Euskal Herrian gauzak beste era batera egiten ditugula erakusteko".  

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena