11:51

Politika

Eusko Legebiltzarra

Urkullu indar politikoekin bilduko da azaroko lehen hamabostaldian

Agentziak | Erredakzioa

Elkarrizketa eskaintza gauzatzeko orduan berandu dabilela aurpegiratu dio Iturgaizek lehendakariari kontrol saioan. "Ez dago inolako atzerapenik", ziurtatu du EAEko buruzagiak.

0:17
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Legealdiko erronka nagusiei aurre egiteko "lankidetza prozesu eraginkor" bat erraztu nahi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Horretarako, azaroko lehen hamabostaldian Eusko Legebiltzarreko indar politikoekin bilduko dela iragarri du ostiral honetan.

Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko legebiltzarkideak galdera egin dio lehendakariari Gasteizko Ganberaren kontrol saioan.

Bilerak azaroko lehen hamabostaldian egitea espero duela erantzun dio lehendakariak, gobernu programa Eusko Legebiltzarrari bidali, aurrekontuetako ildo nagusiak onartu eta datozen lau urteetan ekonomia suspertzeko programa eragile ezberdinekin partekatu ondoren.

Era berean, lehenago sailburu ezberdinek  Legebiltzarreko batzordean legealdiko proiektu nagusien berri ematea nahi du lehendakariak. Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburua aurrena izan da aste honetan.

Iturgaiz: "Orain arte edukirik eta funtsik gabeko hitzak izan dira"

Elkarrizketa eskaintza gauzatzeko orduan berandu dabilela aurpegiratu dio Iturgaizek lehendakariari kontrol saioan. “Inolako atzerapenik ez dago”, ziurtatu du EAEko buruzagiak. “Gobernuaren aurreneko 40 egunetan gaude, eta aurreneko 100 egunak igaro baino lehen bilduko gara oinarri sendo eta zehatzak edukita”, “lankidetza eraginkor baterako prozesua errazteko”, zehaztu duenez.

Pandemiak eragindako “egoera konplexuari” aurre egiteko, alderdiekin partekatu, hitz egin eta adosteko asmoa agertu du Urkulluk.

“Gure asmoa adostasuna lortzeko elkarrizketa bideratzea da. Zuek borondatea izatea eta proposamenak jasotzea espero dut”, esan dio lehendakariak Iturgaizi.

Iturgaizen ahotan, ostera, orain arte lehendakariaren elkarrizketa eskaintza “edukirik eta funtsik gabeko hitzak” izan dira. Horregatik, bilerak lehenbailehen egitea eskatu du, “pandemia okerrera, langabezia gora egiten eta gizartearen kezka areagotzen” ari delako.

"Gobernatzeko modu berria" espero du EH Bilduk

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak esan du espero duela Iñigo Urkullu lehendakariak alderdiekin iragarri dituen bilerak ez izatea gertaera zehatz bat, baizik eta "gobernatzeko modu berri baten" hasiera izatea, Jaurlaritzaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa ahalbidetzeko.

"Hobe berandu sekula ez baino", esan du Iriartek Legebiltzarreko korridoreetan, lehendakariaren asmoaren berri izan ostean.

Bere koalizioak Urkulluri elkarrizketarako bide bat behin baino gehiago eskatu diola gogorarazi du, eta espero du iragarritako bilerek "etengabeko" elkarrizketa abiatzea eta ez izatea "unean uneko kontua", "gai garrantzitsuak baitaude eztabaidatzeko, sakontzeko eta adosteko".

Podemosek "benetako" elkarrizketarako borondatea nahi du

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak elkarlanerako "benetako" asmoa izatea espero du, EAJk eta PSE-EEk (Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiak) ezarritako "arrabola" alde batera uztea.

Bileraren deialdia "berandu samar" iritsi dela adierazi du, baina albiste positiboa dela gaineratu. "Beti da ona lehendakari bat beste alderdi politiko batzuekin hitz egiteko prest egotea", esan du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena