18:56

Politika

Eusko Legebiltzarra

Mendiak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta enplegu sistema eraldatu nahi ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Idoia Mendia Enplegu sailburuak bere departamentuaren erronka nagusiak azaldu ditu Legebiltzarrean. Krisi sozioekonomiko honetan "langileak eta enpresak" erreskatatuko dituela hitz eman du.

1:19
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak eta Enplegu sailburuak adierazi du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) "indartzea" eta enplegu sistema "eraldatzea" dituela helburu, "Lanbide tresna eraginkorragoa izan dadin lan munduan sartzeko eta langileak trebatzeko".

"Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Legea eta Enplegu Sistemaren Legeak onartuko ditugu Legebiltzarrean", agindu du.

Mendiak agerraldia egin du Legebiltzarreko Enplegu Batzordean bere departamentuaren ildo estrategikoak azaltzeko eta azpimarratu du helburu nagusia "langileak eta enpresak erreskatatzea" izango dela osasun krisiak eta krisi sozioekonomikoak gogor joko duen urteotan.

Pertsona guztien osasuna bermatzea, ekonomia suspertzea, enplegua sortzea eta krisi egoera honetan "inor atzean ez uztea" izango dira Enplegu Sailaren erronkak.

Helburu horiek guztiak lortzeko eta susperraldi sozioekonomikoa martxan jartzeko, "plan integral bat" prestatze ezinbestekotzat jo du, "inoiz ezagutugabeko egoera batean baikaude".

Halaber, gogora ekarri ditu Jaurlaritzaren hiru helburu estrategikoak zeintzuk diren: langabezia-tasa % 10etik behera egotea; 135.000 lanpostu sortzea; eta 1.650 milioi euro inbertitzea proiektu ekintzaileetan, formazioan eta laneratzean.

"Baina programa honetan ez ditugu soilik zenbakiak aipatzen. Modua zein den ere zehazten dugu, eta elkarrizketa izango da gure tresna politika publikoak adosteko, lan-baldintza duinak eta soldata duinak bermatuz", erantsi du.

Testuinguru honetan, oso garrantzitsutzat jo du erakunde guztien arteko elkarlana, "udaletatik hasita eta Espainiako Gobernuraino".

Mendiak berretsi egin du aurreikuspen ekonomikoak "oso txarrak" direla eta ohartarazi du "68.000 lanpostu gal daitezkeela aurten".

Horrez gain, lan-istripuak murriztea (aurten 21.611 istripu izan dira eta 17 behargin hil dira), kontratazioan ematen diren iruzurrak azaleraztea eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko diskriminazioarekin amaitzea izango ditu helburutzat. Bide horretan, ikuskaritza plan berezi bat eta berdintasun planak iragarri ditu.  

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena