14:46

Politika

Nafarroa

Esako urtegia handitzeko lanen segurtasuna bermatuta dagoela esan du Espainiak

Agentziak | Erredakzioa

Trantsizio Ekologikorako ministroaren esanetan, Esako urtegia handitzeko lanak "segurtasun berme handienekin" amaitzen ari dira; izan ere, lanen gaineko kontrola handitu dute.

  • Esako urtegia (Nafarroa) handitzeko lanak.

    Esako urtegia (Nafarroa) handitzeko lanak. EiTBren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak asteazken honetan esan duenez, Esako urtegia (Nafarroa) handitzeko lanak "segurtasun berme handienekin amaitzen ari dira; lanen gaineko kontrola areagotu da, ingurua tresna berrienekin monitorizatu da eta txosten teknikoak alderatu dira".

"Ziur aski, azken 30 urteetako lanik zainduena izango da", esan du ministroak Kongresuan, Gobernuaren kontrolerako saioan, Idoia Sagastizabal EAJko diputatuari erantzunez. Izan ere, "inguruko udalerrien segurtasuna bermatzeko" asmoz, "Esako urtegian jada eraikitako lur-solteen presa berria betetzea gelditzea aurreikusten ote duen" galdetu dio jeltzaleak Trantsizio Ekologikorako ministroari.

"Obra publikoarekin eta, bereziki, presekin zerikusia duten gai guztien inguruko kezka eta jarraipena partekatzen dugu", esan du ministroak. Izan ere, urtegi horren segurtasunarekin lotuta zalantza ugari dituela adierazi du EAJko diputatuak, horren inguruan iritzi kontrajarria duten txosten teknikoak daudela gogora ekarriz.

Ildo horretan, txosten batzuek diote luiziak hutsalak direla eta inguruan gertatzen diren lurrikarek ez dutela inolako eraginik, ezta gero eta ohikoagoak diren muturreko fenomeno meteorologikoek ere; beste batzuek, ordea, "guztiz kontrakoa adierazten dute", EAJko diputatuaren arabera, eta "inguruko udalerrien segurtasuna ez dagoela bermatuta" ohartarazten dute.

Testuinguru horretan, Trantsizio Ekologikorako ministroak azaldu duenez, "ezinezkoa da" iraileko azken mugimendu sismikoak Esako urtegian amaitzen ari diren obrekin zerikusia izatea. Nolanahi ere, horrelako obrek "ahalik eta zuhurtasun handiena" behar dutela gaineratu du, "ez bakarrik diseinuan, baita gauzatu bitartean ere".

Bestalde, Nafarroako Gobernuak ontzat jo du Ribera ministroak asteazken honetan izan duen "jarrera prebentiboa eta zuhurra". Foru Exekutiboaren asteroko bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Javier Remirez bozeramaileak adierazi du ministroak ez duela "handitze lana geldiarazteaz" hitz egin. Bere esanetan, "Nafarroako Gobernuak beti esan duena berretsi du, besteak beste, obraren segurtasuna lehenesten dugula, gure herritarren segurtasuna delako".



Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena