22:03

Politika

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri du Madrilen

Agentziak | Erredakzioa

Madrilgo Erkidegoak “ezer ez egitea” erabaki izana deitoratu du Salvador Illa Osasun ministroak, nahiz eta transmisio komunitarioa izan. “Pazientziak muga bat du”, erantsi du.

0:57
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Madril hiriburuan eta erkidegoko beste bederatzi udalerritan 15 eguneko alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak. Ministroen Kontseiluak neurria onartu du, eta berehala sartuko da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialak premiaz argitaratu eta gero.

Salvador Illa Osasun ministroak prentsaurrekoa eman du Moncloa jauregian, alarma egoeraren xehetasunak eta arrazoiak azaltzeko. Madrilgo Erkidegoak “ezer ez egitea” erabaki izana deitoratu du Illak, nahiz eta transmisio komunitarioa izan. “Pazientziak muga bat du”, erantsi du.

Neurriak “atzoko berdinak” dira, hau da, Madrilgo Auzitegi Nagusiak atzera bota baino lehenago indarrean zeudenak.

Ministroen Kontseiluak neurria onartu baino ordu batzuk lehenago, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearekin hitz egin du, erabakiaren berri emateko.

Exekutiboko iturrien arabera, Ayusok Sanchezi denbora gehiago eskatu dio, baina gobernuburuak osasun publikoa babestu beharra dagoela erantzun dio, eta alarma egoera berehala onartu behar zuela.

Sanchezek negoziazioari uko egitea eta alarma egoera ezartzeko erabakia Ayusorekin hitz egin baino lehen filtratzea deitoratu dute Madrilgo erkidegoko iturriek.

Koronabirusak gehien astindutako zonaldeetan mugikortasuna murriztea proposatzen zuen Madrilgo erkidegoak, baina hasiera batean baino irizpide gogorragoak aplikatuz. Intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 1.000 kasutik 750era jaitsi da.

Nahiz eta desadostasunak bistakoak izan, bi gobernuek hizketan jarraituko dute datozen 15 egunetan.

7.000 polizia eta guardia zibil baino gehiago

7.000 guardia zibil eta Espainiako polizia baino gehiagok alarma egoeraren murrizketak betetzen direla zainduko dute Madrilen, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak iragarri duenez.

Poliziak Madril hiriburuan eta beste bederatzi udalerritan zabalduko direla azaldu du Marlaskak. Udaltzainek dispositiboa lagunduko dute.

Bestalde, “helburu alderdikoiekin” Madrilen esku hartzea leporatu dio Pablo Casado PPko buruzagiak Pedro Sanchezi, bai eta “harrokeria” elkarrizketaren gainetik jartzea ere.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena