Politika
Osakidetza
Agentziak | Erredakzioa
Osasun sailburuak eskua luzatu die langileen ordezkariei, elkarrizketaren aldeko apustua egiten duelako "aurrera egiteko" bide gisa.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ostiral honetan esan duenez, "Euskadiko osasun sisteman ez da murrizketarik egon eta ez da egongo", eta, horren ustez, "ezin da ez kontratazioez edo murrizketez hitz egin", "une honetan Osakidetzan milaka pertsona kontratatzen direnean, ohiko langileen gainetik".
Legealdiko lehen kontrol saioan, Eusko Legebiltzarrean, Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak Osasun sailburuari Arreta Etengabeko Puntuen egoeraren inguruan galdetu dio, eta horietako zenbait itxi dituztelako kezkaturik agertu da, "jende askok ospitaleetako larrialdietara" jo behar izan duelako.
Sailburuaren hitzetan, Arreta Etengabeko Puntuen egoera testuinguruaren ondorio da. Zerbitzu publiko baten kudeaketan, baliabideak uneko eskaerara "egokitu" behar direla adierazi du Sagarduik.
Horren harian, osasun profesionalei oporrak udan hartzea eskatu zietela gogorarazi du sailburuak, datozen hilabeteetan COVID-19ak gogor astintzea espero dutelako, eta urriaren 12a baino lehen langile guztiak bueltatuko dira gaineratu du.
Edozein sistema publikoren baliabideak "mugatuak" direla, eta, beraz, "modu eraginkorrean" kudeatu behar direla adierazi du. Hori da Eusko Jaurlaritzaren helburua, erantsi duenez. "Irtenbidea ez da beti gehiago izaten, kudeaketa arduratsu eta etikoa baizik", nabarmendu du.
Gainera, sailburuak eskua luzatu die beharginen ordezkariei, "aurrera egiteko bidea elkarrizketa delako, eta ez konfrontazio sistematikoa". "Elkarrizketaren bideari eutsi nahi diogu, eta borondate horrekin joango gara sindikatuekin adostutako bileretara", azpimarratu du.
Arreta Etengabeko Puntuen eginbehar nagusia osasun zentroak itxita daudenean zerbitzua ematea dela gogorarazi du agintariak. "Osasun zerbitzu guztien funtzionamendua berrantolatzera behartu du pandemiak, baita Arreta Etengabea ere, Euskadin eta munduko herrialde guztietan", onartu du.
Hala ere, "zerbitzuari kalterik egin gabe", aldaketak egin dituztela defendatu du Sagarduik. Euskadin orain 25 arreta puntu baino gehiago daudela zehaztu du, "langile gehiago" dituztela. "Larrialdi zerbitzuek ez dute pertsona gehiago artatu behar izan, horrek nahikoa erakusten du", azpimarratu du.
Horregatik, Arreta Etengabearen egoera "ona" da, eta "Euskadi erantzuna emateko gaitasuna izaten ari da", horren hitzetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa