Politika
Eusko Legebiltzarra
Agentziak | Erredakzioa
Horrela, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidearen galderari erantzun dio lehendakariak kontrol saioan, Eusko Legebiltzarrean.
Albisteak (3)
Monarkiak errepublikaren ezaugarriak hartzea iradoki du Iñigo Urkullu lehendakariak, erakundeak "zilegitasun sozial" handiagoa lortzeko.
Horrela, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidearen galderari erantzun dio Urkulluk kontrol saioan, Eusko Legebiltzarrean. Unidas Podemoseko ministroek erregeari egindako “erasoak” gaitzetsi ez izana aurpegiratu dio Martinezek Urkulluri.
“Erakundeak berak zilegitasun soziala, modernizazioa eta gardentasun handiagoa lortzeko, monarkiak errepublikaren ezaugarriak hartzea hausnartu beharko luke”, adierazi du Urkulluk.
Demokrazia aurreko sistemengatik “malenkonia” sentitzea egotzi dio lehendakariak eskuin muturreko alderdiari, baita erakundeen ezegonkortasuna bilatzea eta euskal autogobernuan ez sinestea ere.
EAJ eta Urkullu Espainiako erakundeen ospe-galtzean “beharrezko konplizeak” direla esan du Voxeko legebiltzarkideak, Quim Torra Kataluniako presidentea gaitasungabetzea zalantzan jartzeagatik.
Erakundeek funtzionatzen dutenaren frogarik argiena Vox Eusko Legebiltzarrean egotea dela gogorarazi du Urkulluk, Ganbera “bost axola” zaielako”.
COVID-19aren ondorioak
Bestalde, COVID-19aren ondorioak arintzeko, Eusko Jaurlaritzak orain arte martxan jarritako neurriak “eraginkorrak” izaten ari direla defendatu du lehendakariak, nahiz eta “hanka-sartzeren bat egin”. Norabide berean proposamenak adosteko oposizioari eskua luzatu dio EAEko buruzagiak.
EAJk eta Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak egindako galderei erantzun die Urkulluk legealdiko lehen kontrol saioan, Eusko Legebiltzarrean. 2020-2024 Ekonomia eta Enplegua Biziberritzeko Programaren inguruan galdetu dio Javier Telleria jeltzaleak lehendakariari. Plana iragan asteartean aurkeztu zuen Jaurlaritzak, eta 13.250 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du.
Programa ez dute oraindik onartu, eta Exekutiboak urriaren bukaeran oniritzia ematea espero da, udal eta foru erakundeekin zein gizarte eragileekin partekatu ondoren. Eusko Jaurlaritzaren funts propioekin martxan jarri nahi dute; izan ere, Europako funtsak eskuragarri ez izatea espero da, haien banaketa oraindik zehaztu ez dutelako.
Enplegua berreskuratzeko eta langabezia-tasa % 10aren azpitik kokatzeko plana goraipatu du lehendakariak. Iragan martxotik Exekutiboa pandemiaren ondorioak kudeatzeko garaian egiten ari den kudeaketa azpimarratu du agintariak.
Hezkuntza arloan iragarritako neurriak nahikoak ez direla deitoratu du Iriartek. “Norabide egokian aurrera egiteko lidergo publikoa”, eskatu du. “Nola da posible elkarrizketa lankidetza gabe?”, galdetu du.
“Martxan jarritako neurriak gero eta eraginkorragoak dira, nahiz eta hanka-sartzeren bat egin ahal izan”, adierazi du Urkulluk Ganberan.
Euskadiren egoera, maila guztietan, martxoan baino “askoz hobea” dela esan dio lehendakariak koalizioari.
“Martxotik zailtasun handiko uneak bizi izan ditugu, eta bakoitzak bere erantzukizuna onartu behar du. Gure beldurrentzako eta ezintasunentzako errudunak ezin ditugu bilatu”, ohartarazi du.
Zentzu horretan, “ez da polemika antzuen unea”, planteatu du Urkulluk, “lankidetzarako eta elkarlanerako baizik”. “Elkarrizketarako eta proposamen eraginkorrak adosteko gure atea zabalik dago”, esan die gainerako talde parlamentarioei.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa