Politika
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
Ekimenaren helburua pandemiak eragindako krisiari eta euskal erakundeen "finantziazio beharrei aurre egin ahal izatea" da, "baliabide gehien dituzten pertsonek ekarpen handiagoa eginez".
Marian Beitialarrangoitia, prentsaurrekoan. EH Bilduren bideo batetik hartutako argazkia
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) "covid tasa" ezartzeko foru-arau proposamen bana aurkeztuko du EH Bilduk Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietan. Hain zuzen ere, ahalmen ekonomiko handiena duten pertsona eta enpresei ezarriko liekete zerga-tasen gaineko "aldi baterako eta aparteko errekargua", une honetako beharrei erantzuteko.
Errekarguak datozen lau urteetan aplikatuko litzaizkieke PFEZari, sozietateen gaineko zergari, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari, eta ondarearen gaineko zergari (Bizkaian eta Araban soilik igoko litzateke, Gipuzkoako egoerarekin parekatzeko asmoz), Marian Beitialarrangoitia koalizio abertzaleko buruzagiak asteazken honetan Donostian emandako prentsaurrekoan iragarri duenez.
EH Bilduko Politika Instituzionaleko arduradunak azaldu duenez, ekimenaren helburua pandemiak eragindako krisiari eta euskal erakundeen "finantziazio beharrei aurre egin ahal izatea" da, "baliabide gehien dituzten pertsonek ekarpen handiagoa eginez".
Beitialarrangoitiaren iritziz, COVID-19aren ondorio sozial, sanitario eta ekonomikoei erantzuteko "ezinbestekoa da politika publikoak indartzea", baina "diru-sarrerak murrizten ari diren honetan" bi aukera baino ez daude: "murrizketak egitea edo baliabide gehiago ematea".
Testuinguru horretan, EH Bilduk bigarren aukeraren alde egin du, "ezohiko diru-iturri berriak bilatzearen alde", alegia, eta "krisiari elkartasunetik eta erantzunkidetasunetik heltzearen alde", azpimarratu du Beitialarrangoitiak.
Koalizioaren proposamena errekargu batean oinarritzen da. Errekargu hori, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kasuan, 48.090 euroko likidazio-oinarri orokorra gainditzen dutenei aplikatuko litzaieke, % 1etik % 5era, lau tarte desberdinetan, igoera hori mailakatua izan dadin.
Aurrezkiaren likidazio-oinarriari, PFEZari eta pertsonei zein ondare-sozietateei dagokienez, % 2tik % 5era igoko litzateke 10.000 eurotik aurrera.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, likidazio-oinarrietan % 5eko errekargua proposatzen du 300.000 eurotik gorakoen kasuan, % 8koa 3 eta 6 milioi artean dituztenen kasuan, eta % 10ekoa azken kopuru horretatik gorakoen kasuan.
Oinordetza eta dohaintzen gaineko zergari dagokionez, % 0,5eko igoera proposatzen du 600.000 euroraino, % 1ekoa 600.000 eurotik milioi bateraino eta % 1,5ekoa kopuru horretatik aurrera.
EH Bilduko buruzagiak argitu duenez, bere alderdiak "ez dio uko egiten diru iturri bakar bati ere, hala nola Europako funtsetatik etor daitekeenari. Halaber, ez dio uko egiten "zorpetzeko ahalmen handiagoa izateari", ezta "zerga bidez gehiago biltzeari" ere, tresna horietako "bakar batek ere" ez baitu balioko berak bakarrik osasun krisiak eragindako "behar guztiei konponbide osoa emateko".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa