Politika
Presoak
Agentziak | Erredakzioa
Murrizketa horren ondorioz, badira guraso presoak ikusi gabe sei hilabete baino gehiago daramatzaten haurrak.
Joseba Azkarraga eta Patricia Velez, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: @sare_herritarra
Sare eta Etxerat euskal presoen aldeko elkarteek salatu dutenez, COVID-19aren pandemiak berez "zaila" duten egoera are gehiago zaildu die presoei, eta kolektibo horrek pairatzen duen "eskubide urraketa etengabea" kritikatu dute.
Bi elkarteetako bozeramaileek, Joseba Azkarragak eta Patricia Velezek, prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gasteizen, eta azaldu dute Espainiako Estatuko 30 espetxetan aurrez aurreko bisitak eten dituztela, eta bisitak baimentzen dituzten horietan mugak ezarri dituztela, presoen eta senideen egoera "larriagotuz".
Elkarteon hitzetan, "vis a vis familiarrak pertsona batera edo bira mugatzean, bi edo hiru seme-alaba txiki dituzten familietako haur guztiek ezin dituzte ikusi haien guraso presoak. Sei hilabete baino gehiago daramate haur hauek haien aita edo ama, edo biak, bisitatu gabe. Espetxeetako arduradunek adingabearen alde egin beharko lukete eta ez lukete ahaztu behar familia-lotura sendotzearen garrantzia. Oraindik vis a visak egiten uzten duten espetxe batzuetan ez dira egiten asteburuetan, astegunetan baizik, eta, beraz, asaldura larria eragiten die bisita bat egin ahal izateko lanegunak galdu behar dituzten senideei".
Sarek eta Etxeratek egoera hori salatu eta "urruntze politikarekin eta horrelako egoerek dakartzaten eskubideen urraketekin amaitzeko" eskatu dute. Horren ildoan, joan den astean Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresu eta Senatuan espetxe-politika aldatzeko egindako adierazpenak eskertu dituzte.
Era berean, esker ona adierazi nahi izan diete sindikatuei salbuespen espetxe-politikarekin amaitzeko hartutako konpromisoagatik, joan den ostiralean Bilbon adierazi zuten bezala.
Oharrean azpimarratu dutenez, "uste dugu erakunde, politika eta gizarte konpromisoaren bidea egin beharko dela, baita mobilizazioarena ere. Euskal gizarteari bakearen eta bizikidetzaren bidean parte hartzen jarraitzeko eskatzen diogu".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa