12:52

Politika

PARLAMENTO EN LAS ONDAS

Osakidetzaren arazoak oraingo krisiaren aurretik datozela ohartarazi du oposizioak

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek uste dute 4.000 lanpostu berriren sorrera ez dela "nahikoa", PP-Csk neurria "berandu" datorrela dio, eta EAJk zein PSEk elkarrizketari bide emateko eskatu dute.

  • Radio Euskadiko tertulian parte hartu duten politikariak.

    Radio Euskadiko tertulian parte hartu duten politikariak.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk ohartarazi dute Osakidetzaren "arazoak" COVID-19ak eragindako krisiaren aurretik datozela. EAJk eta PSEk elkarrizketa aldarrikatu dute eta legegintzaldi honetan 4.000 lanpostu berri sortzeko dagoen asmoa nabarmendu dute.

Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' tertulia politikoan, legebiltzarkideek atzo Osakidetzako langileek egin zituzten mobilizazioei buruz hitz egin dute, baita Jaurlaritzaren erantzunaz ere.

Jose Antonio Suso EAJren ABBko presidenteak adierazi du "ulergarria" dela osasun sistema osatzen duten pertsonak "nekatuta eta hau luzerakoa doanaren sentsazioarekin egotea". "Eskubide osoa dute mobilizatzeko, osasun sistema berrantolatu beharra dagoela onartu da eta erabakiak hartu beharra dago, baina hori ez da egiten gauetik goizera, profesionalak goizetik gauera aurkitzen ez diren bezala" adierazi du.

Osasun Departamentuak "negoziatzeko eta lan egiteko" duen konpromisoa azpimarratu du eta horren adibide, legegintzaldi honetan Osakidetzak 4.000 lanpostu berri sortuko dituela gogorarazi du: "Hobe da guztion artean hitz egitea. Gobernuaren helburua osasun arreta hobetzea da, lehen arreta bereziki" azaldu du.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, aste honetan izan diren hezkuntza eta osasun grebek "egoera erreala azaleratu" dute, "propaganda ofizialaren gezurrezko errelatoari aurka eginez". Gaur egun "arazo larriak" daudela salatu du eta Eusko Jaurlaritza ez dela "modu egokian" erantzuten ari.

EH Bilduko ordezkariak ohartarazi du Osakidetzaren egoera ez dela "berria" ezta soilik COVID-19ak eragindakoa ere. Aitzitik, "aspalditik" datorrela ohartarazi du eta osasungintzako profesionalak luzaroan aritu direla gabeziak salatzen: "behin-behinekotasun handia, inbertsio gutxi, lehen arretan aurtengo udan ere izan diren murrizketak…”

Arazo larri honen aurrean positibotzat jo du Osasun Departamentuak "gutxiespenetan erori ez" eta "elkarrizketarako deia egin izana", baina elkarrizketarako dei hori ekintzaz jantzi behar dela esan du: "orain hartu behar dira neurriak eta ez 2024an". Ildo horretan, gutxiegi deritzo 4.000 plaza ateratzeari.

PSEtik, Gloria Sanchez parlamentariak ere lehen arretaren garrantzia azpimarratu du eta Gobernu berriaren helburuetako bat hori "indartzea" izango dela defendatu du, "EAJren eta PSEren gobernu akordioan jasotzen den bezala" esan du. Langileek mobilizatzeko eskubide osoa dutela onartu du baina Eusko Jaurlaritzak lehen arreta indartu, instalakuntzak eta osasun ekipoak berritu, formazioa hobetu eta lantaldea berritu zein egonkortu nahi duela gogorarazi du.

Bestalde, PPk Eusko Jaurlaritzak UME Militarren Larrialdi Unitatearen laguntza arbuiatu duela esan eta gero, Sanchezek erantzun du hori ez dela egia: "eskatu zaion guztietan interbenitu du eta behar izanez gero hala egingo dute".

Hezkuntza eta Osakidetzako mobilizazioak "pandemiaren ondorioei bakarrik erantzuten diela" pentsatzea "arazo errealak ez ulertzea edo ez ulertu nahi izatea"dela esan du Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko ordezkariak eta Osakidetzako profesionalek urteak daramatzatela arazo hauek mahai gainean jartzen gogorarazi du. Hala, pandemiarekin egoerak "gainezka" egin duela adierazi du eta une honetan "kritikoa" dela.

Horregatik, ontzat ematen du "elkarrizketa behar dela esatea" baina azken legegintzaldian "horrelakorik ez" dela egon salatu du eta sindikatuen kritikak ekarri ditu gogora: negoziaketa mahaiak soilik informatiboak izan direla, euren planteamenduak kontuan hartzen ez ziren foroak, hain zuzen ere.

Iragarri diren 4.000 lanpostu berrien inguruan, ez direla "nahikoa" esan du Hernandezek: "Horrekin ez dira ezta aurreikusitako jubilazioak ere ordezkatzen".

Azkenik, Laura Garrido PP-Cs koalizioko legebiltzarkideak Hezkuntza eta Osasun Sailen jarrera ez dela "batere ona" izan esan du eta pandemiaren hasieratik "lidergo falta, irizpide falta eta planifikazio falta" izan dela. Lehen arretaren inguruko arazoak "zaharrak" direla berretsi du Garridok, eta etorkizuneko kontratazio horiek "berandu" datozela esan du,"aspaldi egin behar zen giza baliabideen planifikazio hori".

"Atentzioa deitzen digu Euskadi Estatu osoan biztanleko osasun gastu handiena duen erkidegoa izan arren, beste Autonomia Erkidego batzuk askoz ere hobeto kudeatzen aritzea krisi hau" gaineratu du, eta berriz ere kritikatu du "euskara" meritu izatea Osakidetzan, medikuak hautatzerako garaian.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena